Urtero bezala, San Anton eguneko ospakizunak ez zuen hutsik egin Elizondon ilbeltzaren 17an, eta goiz osoko egitaraua izan zuten. 10:30ean meza izan zen, eta 11:00etan Patxi Larralde txistulari arizkundarra zahar etxera joan zen, bertako egoiliarrekin plazako bidea alaitzeko. Gainera, klaseko proiektu baten barnean, Elizondo Lanbide Eskolako 30 bat ikaslek plazara lagundu zituzten zahar etxeko adinduak. Bertan Maddi Ane Txoperena eta Alazne Ontsaloren bertsoak aditzeko aukera izan zuten, eta ondotik baztan zopa beroak banatu zituzten.
Zozketa 13:00etan izan zen, eta Baztan Ikastolako laugarren mailako lau gaztetxok atera zituzten zenbaki irabazleak: June Saenz de Urturik, Alazne Alzuart Mirandak, Xuban Garmendia Azkoitik eta Adei Largo Arregik. Aurten 5.600 txartel saldu dira, eta sariak bertako produktuez osatuko lau sorta izan dira, 500, 250, 150 eta 100 euroko baliokoak. Lehenbiziko zenbaki sariduna 3.027 izan da, bigarrena 3.351, hirugarrena 5.052 eta laugarrena 4.732. Irabazleek 20 egun izanen dituzte sariak eskatzeko.