Elikagaien xahuketaren kontrako ekimenaren balorazioa aurkeztu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 17a, 19:00

2024an 1.051,4 kilo fruta, barazki, haragi eta ogi bildu eta banatu dituzte, komertzio, elkarte eta partikularrekin elkarlanean

2022an abiatu zuen Baztango Udalak elikagaien xahuketa murrizteko eta ekonomia ahulean dauden familiak laguntzeko proiektua. Hondakinen prebentzioa eta baliabideen kudeaketa arduratsua dira ekimenaren oinarriak, eta egunerokoan elikagai freskoak eskuratzeko zailtasunak dituzten familien bizi kalitatea hobetzea du helburu.

Baztango Udalak azaldu duenez, «hasieran proiektua Elizondoko Barrutia 12 harategiarekin abiatu zen, eta zaborretara bidean ziren kilo ugari berreskuratzea lortu zen, familientzat arras erabilgarriak izan zirenak. 2022ko abuztuan ekimenera gehitu zen Baztango Ze goxoa fruta denda, eta, horrez gain, Baztango Talde Ekosozialak martxan jarritako baratze kolektiboaren soberakinak bildu ziren. Partikularrek ere beren ekarpenak egin zituzten, baratzetako soberakinak eskainiz».

2024an, berriz, AndalorrEKO ogi ekologistak bat egin du ekimenarekin, eta guztira 1.051,4 kilo fruta, barazki, haragi eta ogi bildu eta banatu dituzte. Urte hauetan, guztira, «ia hiru tona fruta, barazki, ogi eta haragi bildu eta banatu dira».

Hori dela eta, udalak eskerrak eman dizkie ekimenean parte hartu duten guztiei, «bereziki Barrutia 12 harategiari, Baztango Ze goxoa fruta dendari, Baztango Talde Ekosozialari, AnldalorrEKO ogi ekologikoari eta beraien baratzeetako soberakinak eskaini dituzten partikularrei».

Azkenik, «janaria xahutzen duten establezimendu eta erakunde guztiak» animatu dituzte proiektuarekin bat egitera. Izan ere, «ekimenak argi erakutsi du elkarlanaren bidez eraginkortasuna eta iraunkortasuna lor daitezkeela. Baztango Udalak konprometituta segituko du hondakinen prebentzioarekin eta herritar guztien bizi kalitatearen hobekuntzarekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun