'Oscarra Oscarrentzat' antzezlana aurkeztuko dute igandean Iruritan

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 17a, 12:00

Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Oihana Maritorena eta Jon Plazaolak Oscarra Oscarrentzat antzerkia taularatuko dute igande honetan, hilaren 19an, Gizarte Bilgunean 18:00etan. Baztango Kultura Zerbitzuak antolatu du Mikel Hernandez antzerkigilearen komediaren emanaldia.

Sinopsia

Los Angeles (EAB) Zine Akademiako sariak, Oscar preziatuak banatzen direneko gau magikoa. Baina gu ez gaude Kodak Antzokian; gu hiriaren kanpoaldean kokatutako motel ziztrin batean gaude, istorio hau kontatzeko eszenatoki bakar bezala balioko digun terrazadun gelan. Hori bai, urrun (oso urrun) 'Hollywood'en kartel famatua ikusten dugu. Oscar Manzano, zine zuzendari gaztea, film labur onenaren sailean izendatu dute sari garrantzitsu hauetan. Eta zinearen hirira iritsi dira Guillermo Barrientos, kultura ministroa Irene Navarro hazienda ministroarekin batera, batek daki zergatik. Batek jakingo du, Oscarrek ez behintzat.

Bi politikariek ezin dute elkar ikusi ere egin, eztabaida eta matrakan dihardute etengabe Oscarren kalterako eta zeremonia hasteko ordu gutxi falta direla hori da panorama. Oscarrek ustegabeko bisita ere izango du; Pauline izeneko Escort Girl misteriotsu batena. Berak ez dakiena da neska Guillermok berak kontratatu duela sari banaketan eta alfonbra gorrian bere neska-lagunaren plantak egin ditzan. Orkestrarik desafinatuena ere ondo utziko luken laukote honek euren bizitzako gaurik zoroenetakoa igaroko du motel txiki horretan. Zeremoniaren aurretikoak eta ondorengoak banatzen dira ordu eta erdiko komedia honetan. Bilatu gabe elkar aurkituz, gorrotatuz, maitatuz eta mila gauza gehiago biziz. Denok batzen gaituen marko baten barruan, hori bai. Ametsak, gure ametsak, eta haiek betetzeko atzean zer uzteko gai ote garen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun