IX. (H)ilbeltza bekan parte hartzeko epea zabalik da martxoaren 14ra arte

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 13a, 16:30

Amaia Apalauza Ollok irabazi zuen joan den urteko saria.

Aurtengo deialdiak sormenezko lan bat sarituko du, hau da, euskal nobela beltz edo ipuin bilduma baten idazketa

Urtero bezala, martxan da euskal literatura beltza sustatzea helburu duen (H)ilbeltza beka, Baztango Udalak, Txalaparta argitaletxeak eta (H)ilbeltza elkarteak antolatua. Iaz nobela baten itzulpena saritu zutenez, IX. deialdiak narratibako lan baten idazketa lagunduko du. Beka 6.000 eurokoa izanen da, bi zatitan emanen dena: erdia aurtengo maiatzean eta bertze erdia idatzia akitzerakoan.

Deialdian parte hartu nahi dutenek eleberri edo ipuin bilduma baten proiektua aurkeztu beharko dute, lanaren lagin batekin eta kontakizunaren azalpenarekin. Idatziak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, bere zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dena, saritua izan ez dena eta bertze inondik moldatua ez dena.

Lanak Baztango Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira eta martxoaren 14a izanen da azken eguna. Epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertuko ditu, eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2025eko maiatzaren 16a baino lehen. Idazle saridunari hurrengo (H)ilbeltza sormen bekaren epaimahaikide izatea proposatuko zaio.

Epaimahaia Fernando Anbustegi Baztango Udalaren ordezkariak, Garazi Arrula Txalaparta argitaletxearen ordezkariak eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa Joxean Oizek osatuko dute. Bekaren oinarri guztiak eta parte hartzeko eskabidea eskuragarri daude (H)ilbeltzaren webgunean.

Zortzi lan saritu

Lehen edizioa sormen beka izan zen; Miel A. Elustondo izan zen sariduna eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019an. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Josu Barambonesek Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu zuen. Hirugarren irabazlea Miren Gorrotxategi izan zen eta Sotoan gordeak liburua izan zen emaitza. Laugarren beka Koldo Bigurik jaso zuen eta Massimo Carlotto italiarraren Agur maitea, ikusi arte eleberria itzuli zuen. Borzgarren beka Eneko Barberenak lortu zuen eta Suak erreko ez balu eleberria idatzi zuen. Seigarrenean Beñat Irastorza izan zen saritua, eta Fred Vargasen Debout les morts liburua euskaratua argitaratu zuen. Zazpigarren irabazlea Joxan Oiz Arruti izan zen, eta Amazurtza nobela aurkeztuko du heldu den ilbeltzaren 20an Arizkunen. Azkenik, iazko sariduna Amaia Apalauza izan zen eta 2026ko ilbeltzean Núria Cadenesen Guillem liburua euskaratua aurkeztea espero dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun