[GUTUNA]: Benito Menniren itxiera: Nafarroako Zainketen aldeko Foru Itunaren muinaren kontrako erasoa

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 3a, 20:00

Benito Menniko eraikin baten itxieraren harira, zaintza lanei buruz aritu da Eider Perez de Heredia, Nafarroako tokiko eta lurralde entitateen berdintasun teknikarien sarearen izenean

Benito Menni osasun mentaleko itunpeko zentroaren eraikin oso bat ixteko iragarpena kolpe gogorra izan da urte amaiera honetan. Kolpe latza da sektoreko emakume langileendako, Elizondoko egoitzako emakume langileendako bereziki; izan ere, pairatzen ari ziren lan-baldintza eskasak gutxi izango ez balira, are gehiago murriztuko lirateke haien lan-eskubideak lanaldi murrizketekin, txanda aldaketekin, azken orduko lan egutegiekin, zereginen aldaketekin... azken finean, emakume langileengan presioa eginez, estresa sortuz, non, haien aukera bakarra greba izan den arte.

Bertzalde, Nafarroako Gobernuak Zainketen aldeko Foru Itunaren esparruan defendatzen dituen printzipioen (zaintzak erdigunean jarri, zainketen langileen lan baldintzak hobetu…) kontrako irain zuzena ere bada. Politika publikoen eragina paperean geratu, eta zainketen langileen duintasunaren aldeko borrokan bakarrik uzten zaien eszenatokian kokatzen gara bertze behin ere.

Zaintzak erdigunean: ordaindu gabeko zorra

Zaintza lanak, arrunt feminizatuak, gure jendartearen zutabe ikusezina izan dira historia guztian zehar. Benito Menni bezalako erakundeetan, hein handi batean, emakumeak dira beren lanarekin funtsezko zerbitzua ematen dietenak egoera zaurgarrian dauden pertsonei eta, oro har, jendarteari. Hala ere, ahalegin hori ez da islatzen ez beren lan-baldintzetan, ezta aitortzen zaien balio sozialean. Osasun, garbiketa eta zaintza sektoreari pandemian egindako ahaleginak eskertzeko txalo zaparradetatik, haien eskubideak isilarazi eta alde batera uztera igaro gara. Benito Menniren lantokietako bat ixteko mehatxuak lanpostuak galtzea (emakumeek okupatutako enpleguak) ez ezik, osasun mentaleko pazienteen arretan atzera egitea ere badakar.

Luze daramate beren lan-baldintza prekarioak salatzen, estresak eta antsietateak jota bizi dira, eraso fisikoak eta sexu-jazarpena pairatzeko arrisku etengabean, eta beren jarduera profesionalaren ondoriozko gaixotasunen azterketa medikoa ez da inondik ere nahikoa. Egoera hori ez da zentro horretan soilik gertatzen, baizik eta sektore feminizatuetan dagoen egiturazko problematikaren isla da, hala nola, etxeko enpleguarena nahiz zaintza lanetako bertze arlo batzuetakoena. Zaintzak ikusezinak badira eta errekonozimendu sozialik eta ekonomikorik ez badute, are ikusezinagoak dira osasun mentaleko gaixotasunak dituzten pertsonei arreta emateko erakunde itxi baten hormen gibelean egiten direnean, eta horrek, are gehiago areagotzen du sektore horretako lana eta haren aldarrikapenak ikusezinak izatea.

Itxiera, utzikeriaren sinbolo gisa, zaintza duinen eredu baterantz

Itxiera hori langileen, pazienteen eta haien ingurune hurbilenaren beharrei kasurik egiten ez dietelako sinboloa da. Oinarrizko zerbitzu publikoen pixkanakako suntsipena ez dator bat Zainketen aldeko Foru Itunean jasotako konpromisoekin, eta promesak ekintza zehatz bihurtzeko borondate politikorik ezaren bertze adibide bat da. Itxiera hori baimentzen bada, 'Zaintzak erdigunean' esalditik 'Zaintzak azken lehentasun gisa' esaldira pasako gara.

Ezin dugu onartu Zainketen aldeko Foru Itunaren printzipioak hitz hutsak izatea. Pertsonen zaintza ezin da luxu bat izan, ezta negozio bat ere; inbertsioa, konpromisoa eta ekintza politiko irmoa eskatzen dituen eskubidea da. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da, eta Nafarroako Gobernuak eta ardura duten agintariek erakutsi behar dute erronka horren mailan daudela. Eraiki nahi dugun jendarte motarantz aitzin egitea da kontua, zaintzak benetan erdigunean egonen diren gizarterantz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun