Ederki ospatu dituzte Eguberriak eta urte berria Anizen

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 3a, 17:00

Urtero bezala, abenduaren 24an Olentzeroren panpinarekin herritik barna ibili ziren, eta ilbeltzaren 1ean etxez etxe kantari aritu ziren urtetxak biltzen. Argazkiak eta testua: Maitane Maritorena

Azken Eguberrietan ere, Olentzero soinean ibili dira aniztarrak. Aurten, Olentzeroren panpina berritzeaz gain, etxez etxe ibili beharrean, lau geldialdi egin zituzten eta geldialdi bakoitzean inguruko etxeetakoak atera ziren jana eta edana ateratzera. Tripa ongi beteta, gehiago betetzera joan ziren bi orduko egonaldiaren ondotik.

Ilbeltzaren 1ean, berriz, aspaldiko ohiturari jarraikiz, urtea eskean hasi zuten Anizko haur eta gaztettoek. Egun honetarako espres jositako sakela handiko mandarrak soinean paratuta, etxez etxe pasatu zuten eguna Urte berri berri zer dakarrazu berri kantari. Etxe guztietan kantatu ondotik etxekoandre edo etxekogizonak larrainerat botatako mandarinak, intxaurrak, litxarreriak... bildu, eta ondoko etxerat. Eguerdi aldera, mandarra eta zakua bete-beteta norbere etxerat. 
 
Urtats eguna haur eta gazttoek eskean hasten badute, bi asteren buruan gazteak izanen dira eskean ibiliko direnak, baina kasu honetan puxkak bilduko dituzte; xixtorra, xingarra, arroltzeak...  Abenduan Olentzerorekin eskean eta kantuan akitzen bada urtea, ilbeltzean urtetxekin eta inauteekin hasten dugu. Eskualdeko lehenbizikoetariko inauteak ditugu Anizkoak. Aurten, ilbeltzaren 18an izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun