Elizondoko San Silvestre lasterketaren hamalaugarren edizioa izan da orain arteko jendetsuena. Denera 290 korrikalari abiatu ziren lasterketa nagusian eta horiekin batera, ttikienen probetan, bertze 139 neska-mutikok parte hartu zuten. Gizonezkoetan, Azpilkuetako Unai Barazabal izan zen bizkorrena eta emakumezkoetan, Maite Karrika. Irabazleek Baztango Zaporeak-en produktu-sorta eraman zuten.
Proba nagusiko korrikalariek 3,9 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten eta Unai Barazabalek 12 minutu eta 14 segundo aski izan zituen osatzeko. Bigarren postua Oihan Obregozok lortu zuen (13.35) eta Anizko Iñaki Iantzi izan zen hirugarren (13.39).
Emakumezkoen artean, Maite Karrika izan zen irabazlea (14.35), bigarren Rebeca Mariño (14.53) eta hirugarren Ines Aguado (16.37).