Baztango Udalak «inoizko inbertsiorik handiena» egin du 2024an bideak konpontzen

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 31a, 12:00

Baztango Udalak prentsa ohar baten bitartez jakitera eman duenez, 762.243,78 euro inbertitu ditu 2024an herri eta auzoetako bideak hormigoiztatzen eta asfaltatzen, «inoizko inbertsiorik handiena».

 

Oharrean zehazten denez, hainbat breaztatze lan egin ditu aurten Viaria Aglomerado enpresak Erratzun, Amaiurren, Azpilkuetan, Arizkunen, Elbeten, Anizez, Berroetan, Elizondon, Lekarozen, Zigan, Arraiozen, Iruritan eta Gartzainen, 306.075 euro kosta direnak.

Bertzalde, Construcciones A. Bengotxea enpresak Amutsagako eta Xorikaiñeko bideak hormigoiztatu ditu 169.590 euroko kostuarekin. Enpresa berari esleitu zizkioten Lezetako bidea eta Zigako goiko bidea konpontzeko lanak ere, azken hauek 168.581 euroko aurrekontua zutenak.

Oronozen Kankaneko bidea asfaltatzeko lanak Asfaltos y Construcciones del Baztan enpresak egin zituen (25.836 euro), eta Lekarozko hilerri ondoko bidea ere enpresa berak asfaltatu du (20.449. euro).

Iruritan harri lubeta bat egin dute 26.724 euroko inbertsioarekin eta Zokoako bidean ere konponketa lanak egin dituzte 44.986 euro kosta direnak.

 

Lehentasunak finkatu behar

Bide konponketetan, beraz, «aurtengoa inoizko inbertsiorik handiena» izan dela baieztatu du Baztango Udalak. Dena den, «Udala jakitun da oraindik ere behar handiak daudela» dio oharrak. «Jakina da Baztanek 1.200 kilometro bide dituela bere gain eta denak batera konpontzea ezinezkoa dela. Horregatik, lehentasunak finkatu behar dira».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun