Elizondoko Herriak salatu du azken hilabetean hainbat pintada egin dituztela herriko eraikinetan

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 26a, 16:00

Elizondoko Herriak oharra atera du azken aldian herrian agertutako pintadak salatuz. Aldarrikapenak egiteko dagoen eskubidea oroitarazi dute, baina, herria zikindu gabe egiteko eskatu dute.

«Jakina da azken bolada honetan gatazka ugari ditugula gure eskualdean, eta aldarrikapenak adierazteko lekua Elizondo izaten da beti, hau baita, zortez edo tamalez, Baztango herririk haundiena», hasi dute oharra Elizondoko alkate juratuak eta kargudunek. Aldarrikapenak aunitzetan pankarta bidez adierazten direla azaldu dute, eta horietako aunitzek errekan bukatzen dutela nabarmendu dute.

Oharrean zehaztu dutenez, gainera, azken hilabetean hainbat pintada egin dituzte bai eraikin publikoetan zein pribatuetan. «Baztango herri bakarra gara eraikinak margotu dituztena, herriaren itxura erabat kaltetuz eta bertako bizilagunei errespetu falta erakutsiz». Azaldu dutenez, «herria garbi maite dugu eta eskubide oso dugu horretarako». Gainera, nabarmendu dute aldarrikatzeko bertze modu batzuk daudela, «anitzez ere eraginkorragoak izan daitezkeenak».

Bukatzeko, nabarmendu dute «pertsona orok eskubide osoa duela bere aldarrikapenak, beharrak, gabeziak... adierazteko, baina ez herria zikinduz».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun