Baztango Udalak Elizondoko Herriko Etxea kudeatuko du etxebizitza sozialak egiteko

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 18a, 16:30

Gehiengo haundienak proposamenaren alde bozkatu zuen batzarrean. Ondikol.

Joan den asteburuko batzarrean, Elizondoko Herriak Baztanen Bizi Nahi Dugu plataformaren eta Mendialdeko Etxebizitza Taldearen proposamena onartu zuen

«Baztango etxebizitzaren arazoa» konpondu nahian, Elizondoko Herriak udalari eman dio Herriko Etxearen gestioa, Gizarte Zerbitzuek kudeatuko duten etxebizitza sozialak egiteko helburuarekin. Gaur egun zazpi etxebizitza ditu eraikinak, eta horietako bat erabilia izaten ari da. Gainerakoak hutsik daude, baina zalantzan jarri dute haien bizigarritasuna. Hortaz, lehenbiziko pausoa «eraikinaren eta etxebizitzen azterketa egitea» izanen da, zer nolako zaharberritze lanak beharko dituen jakiteko.

Herriak obra bat proiektatua du Nasuvinsarekin eraikinean, 11 etxebizitza egiteko helburuarekin, «baina proiektua pausatuta dago, eta ziurrenik ez da martxan jarriko datozen urteetan». Hori dela eta, «moldaketa ttikiekin bizigarriak izan daitezken espazioak» lortu nahi dituzte, behin-behineko etxebizitza sozial gisa erabil daitezen, obrak hasi arte.

Baztanen Bizi Nahi Dugu plataformaren eta Mendialdeko Etxebizitza Taldearen proposamenak biltzen duenez, «etxebizitzak egoera zaurgarrian dauden Baztango herritarrendako» izanen lirateke, hau da, «larrialdi etxebizitza baliabide moduan. Adibidez, etxegabetze prozedura judiziala irekita duten pertsonak, genero indarkeriaren biktima direnak edo kale egoeran daudenak».

Kudeaketa eta ardura «Gizarte Zerbitzuei lagako litzaieke» eta artatuak diren pertsonei «jarraipena eginen zaie eta baliabideak eskainiko zaizkie alternatiba iraunkorrak lortze aldera». Horrela, «etxebizitzen erabilera denbora mugatuan izanen da, eta baldintzak betetzen direla berrikusiko da modu periodikoan». Abusuzko jokabideen kontrako legezko bermeak ere eskainiko dituzte, eta etxearen «kudeaketa lagapena akitzeko kausa izanen da Nasuvinsaren obra hastea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun