Aukeratzeko ordua
Aitortu duenez, «ez dut beti argi izan zientzia edo ikerketara bideratu nahi nuenik, baina 'zientzietako' ikasgaiak betitik gustatu zaizkit 'letretakoak' baino gehiago. Selektibitate eta unibertsitatearen inguruan solastatzen hasi zitzaizkigutenean, oroitzen naiz laborategiko ikerketa lanei buruz aditu nuela telebistan, eta horretan lan egitea gustatuko zitzaidala pentsatu nuen».
Gradua akitzean, «nire asmoa farmazia batean lan egitea zen, gustatzen zaidalako eta ikerketaren munduan sartzea nahiko zaila zela ikusi nuelako. Hala ere, denboraldi batez lanean aritu ondotik ikerketarekin burutan segitzen nuenez, masterra egitea erabaki nuen, eta praktiketan laborategiko lana barnetik ikusteko aukera izan nuen. Orduan erabaki nuen egiazki doktoretza egin eta ikerketaren munduan sartu nahi nuela».
Gasteizerat
Gradua aukeratzerakoan, «Farmazia hautatu nuen zientzia eta osasuneko hainbat arlo lantzen dituelako. Gainera, Gasteizein etxetik hurbil eta euskaraz ikasten segitzeko aukera nuen». Azaldu duenez, «zailtasun aldetik graduak nahiko fama txarra du, baina beldur hori gehiegizkoa iruditzen zait. Ezin dut erran erraza denik, klasean, laborategian eta ikasten ordu aunitz sartu behar baitira, baina gustukoa baduzu, aitzinerat ateratzeko modukoa da».
Hortaz, «hori ikastea pentsatzen ari denari, erranen nioke gaiak interesatzen zaizkion edo ez ongi begiratzea, eta, hala bada, aitzinerat. Gainera, momentu honetan graduak irteera aunitz ditu».
Laborategiko lana
Biomedikuntza arloko doktoretza egiten ari da gaur egun Bartzelonan. «Laburki azalduta, perizito izeneko zelula batzuen inguruko lana da. Zelula horiek gorputzeko odol hodi ttikienak (kapilarrak) inguratzen dituzte, funtzionamendu egokian lagunduz. Gure kasuan, begiko erretinan daudenak ikertzen ari gara, horien funtzionamendua ulertzeak gerora pertsonetan ager daitezkeen begiko arazoak ulertzen laguntzen ahal duelakoz».
Laborategian, «lan 'arrunt' batekin konparatuta, ordutegia libreagoa dugu; egin beharreko lanaren arabera sartzen eta ateratzen gara. Alde batetik esperimentuak daude, hau da, eskuz egin beharreko lana, eta bertzetik, egin beharrekoaren planteamendua eta datuen prozesatze eta ulertzea, hau da, buruko lana. Niri biak aunitz gustatzen zaizkit».
Orokorrean, «ikerketak ez daude ongi finantziatuak. Ni doktoretzaren munduaz eta biomedikuntzaren arlotik bakarrik solastatzen ahal naiz, kontuan izan behar da arlo guziak ez direla berdinak. Soldata bat izateko bekaren bat lortu edo ikerketa talde batek kontratatu behar zaitu, bigarren hori izan da nire kasua. Beka lortzea nahiko zaila da: notak, publikazioak, konferentziak… hartzen dituzte kontuan eta eskaintza ttikia da. Kontratua eskainiko dizun taldea aurkitzea ere ez da aunitzez errazagoa, finantzazio faltarengatik».
Horrez gain, «doktoretza egiteko lekua bilatzean ikusi nuen Katalunian Euskal Herrian baino aukera aunitzez gehiago daudela; ikerketa zentro gehiago eta eskaintza haundiagoarekin».
Etxetik urrun
Kanpoan bizi bada ere, «dagoeneko ohituta nago, gainera, pisua hiru lagunekin partekatzearen zortea dut, eta denon artean ongi moldatzen gara. Bartzelonarat bizitzera etortzearen alderik okerrena pisua bilatzeko momentua izan zen, eta Baztan alderat joan nahi dudanean garraio publikoan eman beharreko denbora guzia».
Elizondo eta Bartzelona «arras desberdinak dira. Hiriak mugimendu haundia du eta hainbat errealitatetako jendea ezagutzen ahal da hemen, gainera, aukera aunitz ematen ditu: aisialdirako, bidaiatzeko, dendak, janaria… Baztanek lasaitasuna ematen du, eta kanpoan edo naturan egiteko gauza gehiago ditu. Jendearen arteko tratua ere desberdina da; hirian aunitzez ere inpertsonalagoa da dena».
Etorkizunera begira, «doktoretza akitu eta ikerketaren munduan segitzea gustatuko litzaidake, laborategi batean. Alde batetik familia eta lagunak hurbil izan nahiko nituzke, baina, bertzetik, kanpoan bizitzea ere aunitz gustatzen zait. Momentuan denbora ongi probestu nahi dut, ahalik eta gehien ikasi eta, beharbada, kanpoan egonaldi bat egin».