juan angel perotxena uranga

«Bertanek gibelean dituen baloreak plazaratu nahi ditugu»

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 22a, 09:00

Juan Angel Perotxena Uranga, Bertan Baztan.

Bertan Baztanek junta berria aurkeztu zuen azaroan, eta horrekin batera elkartearen itxura, helburu eta balore berriak mahaigaineratu dituzte, jendartera egokitzeko asmoarekin

«Duela urte andana» sartu zen Juan Angel Perotxena elizondoarra Bertan Baztan elkartean, eta azaldu duenez, «hemen beti izan dugu jendea lan egiteko gogoarekin, bertako kontsumoa eta denden etorkizuna bermatu nahian». Baina hasiera hartatik gizartea aunitz aldatu da, eta aurten elkarteko junta berritu dutela baliatuz, barnetik eta kanpotik eraberritu dute Bertan, «garai berrietara egokitu nahian».

Zenbat komertziok osatzen dute elkartea?

Gaur egun 80 komertzio eta zerbitzu inguru gara, eta orain berriak sartzen ari dira. Denetik dugu; ostalaritza, dendak, zerbitzuak… Apopilo alojamenduen elkartea barnean dugu, eta berriki Baztango Zaporeak ekoizleen taldea ere gehitu zaigu; guretako interesgarriak diren baloreak dituzten elkarteak. Hala ere, badaude publikoari begira hainbertze lan egiten ez duten zerbitzuak, fisioterapeutak adibidez, eta horiek ere gonbidatu nahiko genituzke sartzera.

Nondik heldu da elkartearen aldaketa?

Alde batetik, junta aldatzeko ordua zen. Urte pila batez kristoren lana egiten aritu den jendea izan dugu, eta erreleboa hartzeko momentua zela ikusi dugu. Horrekin batera, irudi korporatiboak 10-15 urtetara berritu ohi dira, eta ordua genuen. Bertze aldetik, elkarteak bertako kontsumoa sustatzeko helburua izan du beti, baina horren gibelean balore batzuk falta zirela ikusten genuen, eta horiek mahai-gaineratu ditugu. Mundua eta kontsumo ereduak aldatzen ari dira, eta gaur egungo Baztango errealitatea anitzagoa da. Horregatik, leloa ere aldatu dugu: lehen Bertan bizi, bertan erosi, bertan gozatu zen leloa, eta doike, erostearena inportantea da negozioek aitzinera segitzeko, baina ez dugu erdian paratu nahi. Hortaz, lelo berria Baztanen bizi, etorkizuna eraiki dugu. Baztanen bizitzeko modu bat aldarrikatu nahi dugu; kontsumo eredua aldatzea, materialen eta energiaren murrizketa, aldaketa klimatikoaren erronka, belaunaldi aldaketaren arazoa… Agente sozial bihurtu nahi dugu, gizarteko gaiak mahai gainean paratu eta posizionatu.

Azaroaren 20an Arizkunenean aurkeztu zituzten junta berria eta elkarteko aldaketak.

Aurkezpenean «ekosistema berria» aipatu zenuen. Nolakoa da Baztan berria?

Koloretsuagoa; harreman mota eta genero perspektiba berriak, pertsona migrante gehiago… anitzagoa eta interesgarriagoa da. Horregatik logo berrituan ere Baztango aniztasuna irudikatu nahi izan dugu, gure banderaren koloreak baino gehiago erabiliz. Oraindik gauza aunitz ditugu aldatzeko, baina erronka bat bezala hartu dugu eta etorkizuna hobea izateko aukera ikusten dugu.

Elkartean denek ikusi duzue aldaketarako beharra?

Juntaren erabakia izan da, baina bazkideen aitzinean aurkeztean, orokorrean jendeak ongi ikusi du. Hala ere, aldaketa bat baino, eboluzio naturala izan dela erranen nuke, egungo errealitatearekin bat egiteko. Kontsumo eredu arras basatia dugu, batere arduratsua ez dena. Ez zaigu inporta nondik kontsumitzen dugun, zein motako produktuak, nolako materialekin eginak dauden, zenbat ordaintzen dugun, horren gibelean dauden lan baldintzak eta prekaritatea… hori bistaratu nahi dugu, eta bertako kontsumoa bultzatu. Jendeak uler dezala, hemen kontsumitzen badu, lanpostu gehiago sortzeko aukera izanen dela, zergak hemen geldituko direla… guzia sare bat dela, eta denok parte hartzen dugula.

Nola helaraziko dizkiozue balore berri horiek jendarteari?

Erranen nuke hori dela gure erronkarik haundiena. Gure bazkide eta bezeroek balore horiek ulertzea nahi dugu; produktuen kalitatea, euskararen erabilera, kultura bultzatzea… horretarako lan egiteko hainbat modu ditugu. Alde batetik, hezkuntzan aritu nahi dugu, etorkizuneko bezero horiei erakusteko zein inportantea den bertan kontsumitzea. Bertzetik, kanpaina berriak egin nahi ditugu, adibidez, berriki material birziklatuekin apaingarriak egiteko tailerra egin dugu. Urtarriletik aitzinera Bertan Eskola egin nahi dugu, bereziki bazkideei zuzendutako tailer ttikiekin: bakoitzaren marka eta irudi korporatiboa kudeatzeko, sare sozialak eramateko, informatika eta segurtasun digitala, lehen sorospenak egiten ikasteko… eta etorkizunean hau publiko orokorrera irekitzea pentsatzen ari gara. Azkenik, betiko ekitaldiak egiten segituko dugu; feriak, ekitaldi kulturalak…

Antolatutako egitasmoen gibelean elkartea dagoela ere erakutsi nahi duzue…

Bai, baina ez bakarrik jendeari erakusteko ekitaldiek nolako esfortzua suposatzen diguten. Orokorrean, aunitzetan pasatzen da, eta ez guri bakarrik, gauzak antolatzen direnean jendeak ez dakiela horren gibelean nor edo zer dagoen. Gure kasuan, erraldoiak ateratzeak edo tailerrak egiteak kostu bat eta ahalegin bat du gibeletik, eta hori bezeroekin hartu-eman erlazio batean ulertzen dugu. Ematen dugun zerbitzuaren gibelean jendea dagoela erakutsi nahi dugu.

Nola ikusten duzu komertzio ttikien biziraupena eskualdean?

Aukera bat badugula uste dugu; horregatik sartu gara juntan, gure ekosistema zaintzeko. Alde batetik, negozio batzuk hetsi dituztela ikusten dugu, baina bertzetik, negozio berriak irekitzen ari dira. Bertze helburu eta baloreak dituzten negozioak, salmentatik harago; bertako ekoizleekin lan egiten, adibidez. Baztanen gure irlatxoa lortu nahi dugu, eta doike, ondoko irlatxoekin artxipielago bat sortu. Bertzalde, Baztan eta, Elizondo gehienbat, zerbitzuei lotua egon da beti, industriak ez du indar aunitzik, eta turismoa garrantzia haundia hartzen ari da, hortaz dira hain inportanteak denda ttikiak.

Saretzearen garrantziaz ere aritu zarete.

Bai, sare bat sortu nahi dugu, bazkideekin, bezeroekin eta Baztan guziarekin. Ekosistema honetan denak lotuak gaude; komertzioek bestetako programa finantzatzen dute, kirol elkarteak babestu, lanpostuak sortu… baina horretarako irekiak egon behar dute. Erakutsi nahi dugu denon artean bertze gizarte bat egin dezakegula, edo bederen saiatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun