Siriako Bashar al-Assaden gobernua bota dutela eta, Siriako egoera bolo-bolo dabil gure hedabideetan azken aldian. Ez dugu uste, ordea, zuzena denik komunikabide nagusietan ematen duten bertsioa.
Ez gara xehetasunetan sartuko, baina aipatu behar da Siria herrialde konplexua zela. Kokapen geografikoagatik, erlijio eta etnia ezberdinezko osaketarengatik... Baina funtsean, orain arteko Siriako Errepublika Arabiarrak, ezarri zaion jazarpena ulertzeko, 5 ezaugarri gako zeuzkan:
- Estatuaren parte hartze eta kontrolean oinarritutako ekonomia.
- Estatu multikonfesionala.
- Palestinaren babesle baldintzagabea eta Israelen etsaia.
- Batasun arabiarraren bultzatzailea.
- Kokapen geografiko estrategikoa.
Siriako gobernua ez dute siriarrek bota, eta Siriako gobernua bota dutenek ez dute siriarrak askatasun demokratiko gehiagoz bizi daitezen egin.
Siriari 2011z geroztik ezarri zaion gerrak NATOren eta Estatu Batuen ohiko jardunari erantzuten dio. Gustuko ez dutena, beraien menera mugitzen ez dena, xehatzea. Esku hartze horiek justifikatzeko kontaketa mediatikoak asmatzen dituzte. Halaxe egin zuten Libian, Iraken... eta beste hainbat lekutan. Eta berdina egiten dute, indar harremanen eta beharren arabera, kulturalki hurbilago gelditzen zaizkigun Kuban, Venezuelan eta Nikaraguan, erraterako.
Hau ez da interpretazio edo susmo bat, Wesley Clarkek, garaian NATOko tropen komandante gorena zenak, halaxe erran zuen NATOren memorandum batean: 'Bortz urteko epean zazpi herrialderekin akituko dugu, Iraketik hasita, eta gero Siria, Libano, Libia, Somalia, Sudan eta, akitzeko, Iran'.
Horretarako behar dena egiten dute: zuzeneko inbasioak egin, mertzenario armatuen taldeak sortu, herrien arteko zatiketa bultzatu, blokeo ekonomiko eta diplomatikoa... Hori guztia eta gehiago egin diote Siriari 2011z geroztik, Israelen asteroko bonbardaketek eta jazarpen etengabeak lagunduta gainera.
Turkiak ere paper erasokor determinantea jokatu du. Turkia ere NATOko kidea da.
Siria duela 4 aste baino aunitzez okerrago dago orain. Israel Siriako azpiegitura militar, industrial eta teknologiko guztia xehatzen ari da, eta Siriaren zati handi bat okupatu du. Turkiak bertze zati bat okupatu du, eta Siriako gobernuan jarri direnak Siriaz kanpoko interesei erantzuten dieten mertzenarioak dira.
Eta nola ez, kolpe gogorra izan da palestinar erresistentziarentzat, aliatu bat galdu duelako eta Israelek bere proiektu espantsionista koloniala azkar eta esfortzurik gabe handitu duelako.
Erran bezala, gertatu denaren xehetasunak ez ditugu ezagutzen, ezta duela hilabeteko Siriaren eta oraingoaren xehetasunak ere. Baina gauza bat izan behar dugu argi: NATOren ohiko jokabidea da gustuko ez dituen herrialdeak suntsitzea, eta Espainiako Estatua NATOko kide da.
Garai batean Euskal Herritarrok NATOn sartzearen kontra agertu ginen gisa, orain ere guri dagokigu NATOtik ateratzea exijitu, gerra bertzerik ez dakarren sistema kapitalistaren alternatiba eraiki eta munduko herriak bakean uzteko exijitzea. Baita gure lurraldetik gerra horietara bideratzen diren baliabide militar eta ekonomikoak moztea ere.