Elizondoko Benito Menniko zuzendaritzak azaroan jakinarazi zuen 2025ean ospitale zentroko hiru eraikinetako bat hetsiko duela, Nafarroako Gobernuari eskainitako ohatze kopurua murriztuz. Zehazki, Bertiz izeneko eraikina hetsiko dute, ohatze kopuru totala 133tik 121era murriztuz. Ondorioz, bertako erabiltzaileak birkokatzeaz gain, 15 langile baino gehiago kaleratuko dituzte, eta bertze zenbaiten lanaldiak murriztu eta lan funtzioak aldatu.
ELA sindikatuak salatu duenez, «neurri horrek larriki eragiten die arreta egokia hartzeko zerbitzu horren mende dauden pertsonei, eta ondorio zuzenak ditu zentroko langileendako». Hori dela eta, langileek mobilizazioak egin dituzte azken hiru asteetan, eta asteburuan Iruñean izan dira. Hala ere, «ez da langileen aldarrikapenetara hurbilketarik lortu. Egindako bilera bakarrean, zuzendaritzak argi utzi zuen orain arte aplikatutakoak ez direla ezartzeko asmoa duten neurri bakarrak».
Hori dela eta, «langileek planto egitea eta hiru eguneko greba egitea erabaki dute, abenduaren 17tik 19ra, enpresaren asmoak geldiarazteko eta sortutako egoera lehengoratzeko». Greba «zentroko profesionalei zuzenean eragiten dien egoera jasangaitz baten ondorioa da, haien lana funtsezkoa baita ospitaleak behar bezala funtzionatzeko eta pazienteak artatzeko».
Langileek «beren eskaerei erantzutea» eta «zuzendaritzaren aldetik egiazko konpromisoa» eskatu dute, «lan baldintzak hobetzeko eta enpleguaren egonkortasuna bermatzeko». Aldi berean, «Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu, dagokion erantzukizuna bere gain hartuta, pertsonarengan oinarritutako arreta eredu baten ezarpena, zerbitzu publiko horren merkantilizazioa ez ahalbidetzeko eta errentagarritasun ekonomikoa zerbitzuaren kalitatearen aitzinean gailentzen den irizpidea ez onartzeko».