Osagaiak
- Masa: 250g irin, arroltze bat eta bi koilarakada mantekilla.
- Krema: Litro bat esne, 4 arroltze gorringo, 60g maizena, 150g azukre, kanela adar bat eta limoi azala.
- Fruta: norberaren gustura eta sasoiaren arabera; mahatsa, udarea, platanoa, masusta gorriak…
Prestaketa
Masarekin hasiko gara. Plater batean irina, mantekilla eta arroltzea nahastuko ditugu, eskuetan atxikitzen ez den masa bigun bat lortu arte. 20 bat minutu utziko dugu arnasa hartzeko. Ondotik, mahaian irina bota eta masa zabalduko dugu, gure moldearen itxura emateko.
Moldean mantekilla eta irin pixka bat jarriko ditugu, ez atxikitzeko. Masa paratu eta tenedorearekin oinarria ziztatu, ez haunditzeko. Labean sartuko dugu 200 ºC-tan 15 bat minutuz, pixka bat gorritu arte.
Kremarako, esneari katilu bat bereiziko diogu eta gainerakoa kazo batean berotuko dugu, kanela eta limoi azalarekin. Irakiten hastean sua erdira jaitsi eta 20-30 minutu utziko dugu, zaporeak ongi hartzeko.
Gorde dugun esneari maizena botako diogu eta ongi nahasi, dena disolbatu arte. Arroltze gorringoak bertze ontzi batean nahasiko ditugu azukrearekin, eta esne eta maizena nahasketa botako dugu bertara.
Infusionatutako esnea sutik kenduko dugu eta kanela eta limoia kenduko dizkiogu. Arroltzeen nahasketa botako diogu eta su apalean etengabe nahasiko dugu dena, nahi dugun loditasuna lortu arte.
Masa hoztean, krema botako diogu eta gainean fruta paratuko dugu. On egin!
Janariaz disfrutatzeko egunak
Fruta tarta bada ere, «azukrea badu eta ez da egunero jateko, postre berezia baizik». Hala ere, Eguberriak «disfrutatzeko egunak» direla azaldu du. Gainera, «bazkariak eta afariak ditugun egunak mugatuak dira eta gainerakoetan eguneroko ohiturak mantentzen saiatu behar dugu, paseatzen eta ur aunitz edaten».
Errezeta osasuntsu eta nutrizio aholku gehiago eskuragarri ditu Instagramen: @mmi_nutri.