Erresuma Batuko deskarbonizazio estrategiari buruzko merienda-mintzaldia abenduaren 27an Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 11a, 16:00

Baztango Talde Ekosozialak Aiora Zabala gonbidatu du, ekonomia ekologikoan doktorea eta Cambridgeko Unibertsitateko irakaslea, Erresuma Batuko deskarbonizazio prozesuaz aritzeko. Abenduaren 27an 17:30ean Amezti elkartean izanen da hitzordua eta aitzinetik izena emateko eskatu dute, baztanekosoziala@protonmail.com helbidearen bitartez.

Taldeak adierazi duenez, «aurtengo urriaren hasieran, Erresuma Batuak ikatza erretzen zuen azkeneko zentral elektrikoa hetsi zuen. Hori ez da nolanahiko kontua, lehen herrialdea izan baitzen erregai fosil hori erretzen hasi zena, XIX. mendearen akaberan, hain zuzen. Gaurgero jakina denez, erregai fosilen errekuntzak berotegi gasak isurtzen ditu, eta hori da klima aldaketaren eragile nagusia. Doike, erregai fosilen erabilera, sistema kapitalista-industriala ibilarazteko gertatzen da, etengabeko hazkundean oinarritzen dena».

Horrez gain, «Climatica aldizkariaren arabera, 2012tik elektrizitate sektorearen CO2 isuriak %74 guttitu dira Erresuma Batuan, eta gobernuak 2030erako erdietsi nahi du karbono neutraltasuna. Klimaren aldaketa ttipitzeko behar-beharrezko helburua. Horretarako, energia berriztagarrien hedapena ezinbertzekoa izan da, eoliko eta parke fotovoltaikoak, batez ere». Gaur egun, «Erresuma Batuan ikatz zentralak ziren berotegi gasen isurtzaile handienak, orain, azkenekoa hetsirik, garraioa da, Euskal Herrian bezala».

Hori guztia dela eta, hainbat gai landuko dituzte taldeak antolatutako saioan:

  • Erresuma Batuko deskarbonizazio estrategia: helburuak, bitartekoak eta betetze maila
  • Berriztagarriak energia fosilak ordezkatzen ari dira edo gehikuntza gertatzen ari da?
  • Produkzioaren deslokalizazioak zer eragin du deskarbonizazio emaitzetan? Isuriak lekuz aldatu dira edo egiazko guttitzea gertatzen ari da?
  • Berriztagarrien hedapena (lurraldearen kudeaketa, eztabaida soziala…). Alderdiak nola lerrokatu dira? Eta tokiko eragileak?
  • Erresuma Batuko deskarbonizazio eta trantsizio energetikoaren bideragarritasun energetiko-material eta soziala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun