Elizondon zuhaitzak berriz ere hautsi dituztela salatu du Baztango Talde Ekosozialak; «baten bati ttikikeria irudituko zaio behin eta berriz gaueko besta giroan errepikatzen den zakarkeria hau, baina gaueko giroan osasun etxeko kristalak haustea ongi ikusiko genuke? Ez, ez al da hala? Eremu publikoa, eta horren barnean berdeguneak eta zuhaitzak, ondare publikoa da, herritar guztien gozamenerako, inbertsio publikoz egina. Gero eta kaskarragoak diren bizi eta lan baldintzen testuinguruan, batzuek, gainera, eremu publiko degradatu eta eskasak nahi dituzte herritarrendako, guztiz onartezina dena».
Adierazi dutenez, «zuhaitzek funtzio ekosistemiko aunitz dituzte, eta herriguneetan, gainera, eremu trinkoak baldin badira, garrantzia handia hartzen dute. Klimaren aldaketa testuinguruan, gero eta beroagoak diren udetan itzala eman eta tenperatura erregulatzen dute. Airea egurasteko balio dute, biodibertsitatea indartzeko eta inguruak edertzeko, bertze gauza aunitzen artean. Kalitatezko eremu publikoak, eta horietan berdegune eta zuhaitzak, langileon arnasgune eta gozagune dira, kontsumoaren tiraniatik harat, jendeekin gurutzatu eta sozializatzeko espazioak».