Bost eta hamalau urte arteko 27 gaztetxok eta 10 helduk parte hartu zuten abenduaren 3an egindako tailerrean. Amaia Zinkunegik zuzendu zuen tailerra eta parte hartzaileen jarrera nabarmendu du: «miresgarria da haurrek erakutsi zuten gogoa eta ardura».
Orain arte Bertanek Elizondoko kaleetan jarri izan dituen argi-apaingarriak hondatuta zeudela ikusita, hauek hartu eta euskarriak berrerabiltzea erabaki zuten: «berriak erosi beharrean, oinarri horiek hartu eta eskulanean, material birziklatuekin apaingarri berriak sortzea. Horrela, helburu zehatz baterako eraiki eta erabili izan diren tresnei, bere helburua bete dutelarik eta hortarako gehiago balio ez dutelarik, bigarren bizitza bat ematen zaie». Abenduaren 6an, 10:30etik 13:00etara eginen dute bigarren saioa, Elizondoko Baztan Pilotalekuan eta izen-emateak dagoeneko itxita, lehenbiziko saioan parte hartu zuten jende kopuru antzekoa biltzea aurreikusten dute.
Ingurumenaren aldeko keinua egiteaz gain, herritarren eta Bertaneko kideen arteko harremanak indartzeko ere balio dute gisa honetako ekimenek: «Eguberri hauetan, inoiz baino ilusio gehiagorekin sortutako apaingarriak izanen ditugu Elizondoko karriketan».