Giro bikaina izan dute aurten ere Anizko Asteburu Kulturalean

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 3a, 18:00

Hondar urteetan bezala, Anizko Asteburu Kulturala herri kirolekin hasi zen ortziralean. Haur andana bildu zen frontoian herri kiroletan aritzeko, ondotik elkarterat joan ziren otorduttoa egitera. Haur eta heldu, 40 lagun bildu ziren elkartean,  Argazkiak: Maitane Maritorena.

Larunbat goizean ohitura bihurtu den paraje izenak paratu ziren, hontakoan Otsobi eta Anizarte. Bi izen hauei aitzineko urteetako Asteburu Kulturaletan paratu diren paraje izenak gehitzen bazaizkie, 19 dira dagoeneko gure inguruan izendatutakoak: Lurgorri, Estrakazar, Trinitate, Istillegi, Urdenbide, Aizkoa, Lutran, Berro, Olazar, Azkarate, Marmitz, Soroluze, Zineleku, Munoa, Amurru, Salaburdineta eta Iñertze.

Goizean paraje izenak paratu baziren, arratsaldean jostetak, solasaldia, bertso afaria... ekitaldi desberdinez gozatzeko aukera izan zen. Bazkalondoan, Mural Xenda josteta egin zen. Talde ttipitan banaturik, talde bakoitza mugikor banarekin Anizen dauden hiru muralen inguruko galdemoduak erantzuten aritu ziren haur eta heldu nahaste. Ondotik elkarterat joan ziren denak Bentako Martintxo Gamioren gazte garaiko kontuak aditzera. Hondarreko hiru urteetan  solasaldi formatuan aniztarrak aritu dira gazte garaiko kontuak kontatzen, bakoitza beretik. Orain dela bi urte Pello Ziak  apaizgoa, kartzela, ETA, politika... izan zituen mintzagai, iaz Emilia Azkarate, Dortia Barrenetxe eta Roxario Iturraldek lixutegiko kontuak, eta aurten Martintxo Gamiok oihaneko kontuak: gazte zirelarik Aniztik nola joan ziren kontatu zuen, eguzkitik eguzkirat nola aritzen ziren lanean, hango bizimodua, jornala... bertaratu ziren Anizko haur eta helduek gustura aditu zituzten Benttaren erranak.

Solasaldiaren ondotik, orain dela 24 urteko bideo emanaldi bat ikusteko aukera izan zen.  2000. urteko Anizko bestetako bideoan gaur egun gure artean ez dauden herritar anitz agertu ziren, orain gazte direnak haur, eta orduan gazte zirenak heldu... aski momentu ederra izan zen hau ere.

Egunari akabaila emateko, bertso afaria izan zen Julio Soto eta Eneko Lazkozekin. Giro ezin hobea paratu zuten bertaratu ziren afaltiarren kontu bertsoak botaz, Eguraldia bezain ederra izan zen aurten ere Anizko Asteburu Kulturala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun