Nola definituko zenuke zeure burua?
Pertsona alaia eta enpatikoa bezala definituko nuke, burugogorra eta exijentea nire helburuekin.
Zuri buruzko ezaugarriren bat?
Uste dut nahiko irekia naizela, eta leku diferenteetara moldatzeko gaitasuna dut.
Nondik heldu zaizu kirolekiko afizioa?
Ttikitatik egin izan dut kirola hainbat modutan. Bederatzi urterekin areto futbolean hasi nintzen eta hogei urteak arte aritu nintzen. Gainera, tarteka bertze hainbertze kirol egiten ditut nire kabuz: eskia, bizikleta, lasterka, igeriketa, crossfit…
Noiz etorri zinen Baztanerat bizitzera?
Duela urte bat, joan den urteko urrian. Aldaketa guziak bezala, gogorra izan arren, gustura nago hemen.
Zer du Agoitzek Lekarozek ez duenik?
Nire familia eta lagunak! Eta egun eguzkitsu gehiago baditu…
Eta zer du Lekarozek Agoitzek ez duenik?
Baztango ingurugiroa Agoitzekoa baino aunitzez politagoa da, Agoitz idorragoa da.
Lasterka aritzen zara. Maiz ateratzen zara?
Ez dakit zeri deitzen ahal zaion maiz… batzuetan ateratzen naiz, astean behin edo gehienez bitan. Ez naiz sobera konstantea kirol zehatz batekin, eta lasterka egiteko lekua aldatzea gustatzen zait, ez dut leku berezirik. Hori bai, gorroto dut campusean bueltaka ibiltzea!
Behobia-Donostia lasterketa egin duzu aurten. Lehenbiziko urtea duzu?
Ez, duela bortz urte ere egin nuen.
Nolako esperientzia izan da?
Esperientzia arras ona izan da, pila bat gozatu dut. Lagun batzuekin joan naiz, eta horrek ere gehitzen du. Egindakoarekin kontent gelditu naiz, ez genuen helburu zehatzik, baina behintzat disfrutatuz ailegatu gara helmugara.
Zein dira zure asmoak epe motzera?
Agujetak kentzea!
Eta epe luzera?
Bertze lasterketetarako gogorrago eta maizago entrenatzea, behintzat gero hain gaizki ez pasatzeko. Nire hankek eskertuko dute.