Iris Muñoz Bahillo

«Argi nuen matematikak presente nahi nituela nire egunerokoan»

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 1a, 08:00

Tesia aurkeztu berri du Iris Muñoz elbetearrak. Argazkia: Juan Mari Ondikol.

32 urterekin ostalaritzako lana uztea eta Finantza eta Kontabilitateko Gradua hastea erabaki zuen Iris Muñoz elbetearrak. Lau urte beranduago, Nobel saria irabazi zuen Black-Scholes eredu matematikoaren ikerketa lanarekin akitu ditu ikasketak, eta ohorezko matrikula lortu du.

Zergatik erabaki zenuen gradua hastea?

Bizkarreko lesio batek lana uztera eta bizitza aldaketa bat egitera bultzatu ninduen. Pandemia garaia probestu nuen egitan egin nahi nuena planteatzeko, bizipoza sortzen zidana, eta hor agertu zen berriz matematika. Ez nituen 20 urte eta apustu bortitza izan zen; gradu berria eta online modalitatean, beraz, inplikazio eta diziplina haundiagoak ziren. Hala ere, epe luzerako proiektua zen, gustuko dudana egiteko, eta gauza bat argi nuen: zenbakiak eta ekonomia analisiak nahi nituen egunero nire bizitzan, formulak, ikerketak, grafikoak… Laugarren kurtsoan, tesia egiten hasi nintzenean, jakin nuen zehazki zer egin nahi dudan: ekonomia kuantitatiboko ikerkuntza.

Lehenagotik ere aritua zinen horrelako ikasketak egiten, ez?

Bai, duela 10 urte Administrazio eta Finantzak Goi Zikloa egin nuen Elizondon eta 2015ean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua hasi nuen UNEDen. Hor baieztatu nuen matematika, estatitika eta ekonomia mundiala maite nituela. Baina graduan matematikak ez zuen pisu nahikorik, eta ez zidan ematen analisi zehatzak egiteko aukerarik, beraz, utzi nuen. Finantza sakonetan murgildu nahi nuen.

Nolakoak izan dira lau urte hauek?

Politak bezain exijenteak. Bide arras gorabeheratsua da, baina tarte horretan norbera ere aunitz aldatzen da. Unibertsitateko esperientziatik, guttiena ikasi dudan edukia da, eta gehiena eboluzio pertsonala. Gainera, online metodologiak zure esfortzuaren % 100 eskatzen du; klaseak astean ordu bakarra dira, gainerakoa norbere lana, antolakuntza, informazioa bilatzea… inplikazioa haundiko proiektu bakartia. Horrek gehiago ikasteko eta gozatzeko aukera eman dit.

Gradu amaierako lana aurkeztu berri duzu, ezta?

Bai, duela hilabete bat aurkeztu genuen ikerketaren defentsa. Binakako lana izan da, klaseko kide nuen Iñaki katalanarekin batera. Inbertsio zale amorratua da, eta aski ongi ezagutzen ditu merkatu finantzarioaren mugimenduak. Nik, aldiz, eredu matematikoen azterketa sakonak egiten ditut, nazioarteko panoraman nola eragiten duten, begirada sistemiko eta zehatzarekin. Bi indar horiek elkartzea erabaki genuen.

Zeri buruzko lana izan da?

Black-Scholes eredu matematikoaren fisurak aztertu ditugu, eredua deseraikiz, zalantzan jarriz, eta merkatuetan nolako eraginak sor ditzakeen ikertuz. Noski, froga enpirikoak, aternatibak eta gure ondorioak ere planteatu ditugu.

Zein izan da zuen helburua?

Ereduaren oinarriak aztertzea eta kritikatzea, ikuspuntu berri bat emateko. Zehazki, ortodoxia finantzarioa desafiatu nahi izan dugu, ereduaren ofizialtasuna eta duen pisua birplanteatzeko, hobekuntza eta eguneratze baten bila. Izan ere, edozein arlotan hobetu nahi izanez gero, uste dut gauzak zalantzan jartzea dela abiapuntua, eta hortik aitzinera horiek birplanteatzea, perspektiba berri bat aurkituz. Gaur egun funtzionala da eredua? Fideltasunez islatzen du momentuko merkatu, gizarte eta gizabanakoen jokabidea? Bi galdera horien erantzuna ezezko sendoa zela ikusita sortu zen dena ikertu eta azaleratzeko beharra. Beraz, finantza arloa eztabaida honetan parte hartzera gonbidatu nahi izan dugu: Non daude sinplifikazioaren limiteak? Egiten diren iragarpenak errealitatea islatzen dute? Kontziente al gara zein ondorio bortitzetara eramaten ahal gaituen errealitatez kanpoko modelizazioak? Zer nolako asmoekin eraikitzen dira horrelako ereduak, jakinda bertze modu egokiagoak existitzen direla?

«Ortodoxia finantzarioa desafiatu nahi izan dugu»

Zer da Black-Scholes eredua?

Deribatu finantzarioen prezioa (arrisku haundiko produktu finantzarioak) baloratzeko sortu zen eredua, baita arriskuak kudeatzeko ere. 1973an argitaratu zen eta izugarrizko iraultza suposatu zuen finantzen munduan, deribatuen balorazio edo kalkulua erraztuz. Horri esker, 1997an Ekonomiako Nobel Saria irabazi zuten egileek. Baina ereduaren itzalak eta mugak ere agerian gelditu ziren; egileetako bat Long Term Capital Management (LTCM) inbertsio funts estatubatuar garrantzitsuaren parte izan zen, non, bertzeen artean, eredu hori erabiltzen zuten haien estrategiak aitzinera eraman eta etekin haundiak irabazteko. Baina lau urteren ondotik, izugarrizko porrota izan zuen funtsak.

Egungo merkatuetan erabiltzen den eredua da?

Bai, zalantza guzien gainetik, merkatuetan indarrarekin jokatzen du oraindik. Urrunera jo gabe, unibertsitatean eredu nagusi gisa ikasi dugu. Erreferentzia garrantzitsua da oraindik finantza kuantitatiboetan eta finantza tresna aunitzetan. Adibidez, MEFF erakundeak (Espainiako Finantza Aukera eta Etorkizunen Merkatu Ofizialak) eredu hori erabiltzen du finantza produktuen prezioa kalkulatzeko, baita burtsa globaletan ere, hala nola, New Yorken. Bertzalde, Goldman Sachs edo JP Morgan inbertsio bankuek trading estrategiak egiteko erabiltzen dute, eta Bloomberg bezalako plataforma elektronikoak ere eredua erabiltzen segitzen dute balio hauek estimatzeko, baita petrolio eta metal preziatuen kasuan ere. Diru mugimendu haundiez ari gara, non prezio zehatz eta errealistak lortzea arras garrantzitsua den, desorekak saihesteko. Baina ereduaren sinpletasunak ez du horrekin laguntzen.

Eredua deseraiki duzue. Nola?

Black-Scholes ereduak lau ekuazio ditu, eta bakoitza puska ttikiez osatua dago, hau da, parametroez. Horietako bakoitzak tokatzen zaiona neurtzen du; batek interes tasak nola mugitzen diren, bertzeak prezioak zenbateko mugimendua duten denbora tarte batean… Berez, parametro bakoitzak bere baldintzak ditu, merkatu zehatz hortako egoerara egokitzen direnak,  baina ez da eredu honen kasua. Egileek 'baldintza idealak' planteatu zituzten, errealitatetik kanpokoak. Baldintza horiek banan-banan aztertu ditugu, egungo merkatu eta gizarteko errealitatearekin konparatuz, gero zalantzan jartzeko. Fisher Black eta Myron Scholes matematika aplikatuetan, ekonomian, finantzan eta fisikan oinarritu ziren eredua eraikitzeki; guk bide bera egin dugu, baina kontrako norabidean. Mekanika kuantikoaz eta psikologia ikerketetaz ere baliatu gara, eta zortzi kritika aurkeztu ditugu, ereduaren printzipioan oinarrituta. Erronka haundia, baina polita.

Nolako eragina du ereduak finantza merkatuetan?

Eredua erabiltzeak, bere mugak ulertu gabe, ondorio dezente ekar ditzake. Merkatu eta mundu perfektu bat kontsideratzen du, eta horrek estimazio faltsuak dakartza, desoreka bultzatuz. Gainera, ez dituenez ez ohiko gertaerak kontuan hartzen (mundu idealean ez da krisirik gertatzen), ez du arriskuen kudeaketa erreala egiten eta horrek krisi finantzario baten aitzinetik erabaki desegokiak hartzera eraman dezake. Eredua baliagarria da, baina mundu errealaren baldintzetara egokitu behar da.

LTCM funtsaren porrota aipatu duzu. Zer gertatu zen?

1994an J Meriwetherrek eta Myron Scholesek LTCM espekulazioa inbertsio funtsa sortu zuten. Arbitraje finantzarioa eta zorpetze haundiko estrategiak erabiltzen zituzten, eta hasierako hiru urteetan izugarrizko etekinak lortu zituzten. Baina 1998an, errusiar krisi finantzarioa zela eta, ereduak porrot egin zuen; funtsak 4.600 milioi dolar galdu zituen lau hilabete baino guttiagotan. Estatu Batuetako Erreserba Federalak 14 bankuz osatutako erreskate kontsorzioa bildu behar izan zuen, krisi sistemiko bat saihestekotan. 2000. urtean funtsa hetsi zuten. Gure ikerketarako erreferentzia izan den Nassim Taleb matematikari eta filosofoak erran zuen bezala, hau gertatzen da errealitatean betetzen ez baldintzak planteatzen direnean. Hortaz, hau jakinda, zergatik segitzen du erreferentziazko eredua izaten?

Nolakoa izan da ikerketa prozesua?

Erronka akademiko baino, erronka pertsonal gisa planteatu nuen. Hasmentan izugarrizko ikara nuen, eredua ikusita ez nuen deus ulertzen. Mural gisa paratu nuen paretan eta egunero begira gelditzen nintzen. Ikerketa prozesua ez da bide zuzen bat, eta egunero milaka ideia kudeatzea izan da zailena, hori ordenatzea eta sintetizatzea. Sormen prozesu bat da, eta haurrak bezala jostetan ibiltzean datza. Egunean 11 orduz eta astean zazpi egunez egin dut lan, eta momentu oro gozatu dut. Beldurraren aitzinean pertseberantzia zein inportantea den ikasi dut, eta dudarik gabe, dedikazioak eta maite duzuna egiteak izugarrizko emaitzak dakartza.

«Erronka akademiko baino, pertsonal gisa planteatu dut»

Ohorezko matrikula lortu duzu. Emaitzarekin gustura gelditu zara?

Erabat. 36 urterekin karrera horrela akitzeak ez du hitzik; ongi egindako lanaren, ikerketa sendo eta definitu baten eta tesiko zuzendari on bat izatearen seinalea da. Neure buruarekin arras exijentea naiz, eta beti saiatu naiz egiten dutenatik haratago joaten. Helburu hori lortzea pozgarria da, baina gehien asetzen nauena, prozesu honetan nire onena eman dudala jakitea da.

Zein dira zure asmoak etorkizuneko?

Ekonomilari gisa kolegiatu berri naiz, eta ekonomia kuantitatiboaren arloa murgiltzeko asmoa dut, zehazki Ikerkuntza Ekonomia Kuantitatiboan espezializatuko naiz. Lanbide izateaz gain, nire kabuz segitzen dut datu zientziak eta matematika ikasten, eta martxan dut nire hurrengo ikerketa. Bakarkako lana izanen da; proiektu polita eta sakona, merkatuak, psikologia, neurozientzia eta fisika kuantikoa ardatz izanen dituena. Finantzak eta ekonomia, bertze alorrak bezala,  eboluzionatu eta hobetzeko begirada berri baten esperoan daude, beraz, lan aunitz dugu aitzinetik.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Inoiz ez dela berandu maite duzuna egiteko. Bidea erraza ez bada ere, esfortzuak merezi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun