Nafarroako Ingurumen eta Industria departamentuen aitzinean bildu ziren asteazkenean Erdiz Bizirik plataformako kideak. Adierazi zutenez, «UPNk urte luzez segitu duen bideari heldu diote ondotik etorri diren alderdiek. Duela bederatzi urteko programa akordioan onartu zuten Udalerriz Gaindiko Eragina duten Planak ez inposatzeko legea aldatzea; halere, herritarrek beren iritzia ematea hiru aldiz galarazi eta gero, proiektua UGEP gisa inposatu nahi digute orain».
Erdizko proiektua «eta nekazaritza estensiboa ez dira bateragarriak. Nafarroan dagoen bazkaleku komunal ekologiko bakarrenetakoa suntsituko dute, eta horrekin batera, aldaketa klimatikoari aurre egiteko elikadura burujabetzarako ezinbertzekoak diren nekazarien lanpostuak desagerrarazi». Gainera, «Natura 2000 sarean dagoen balio handiko eremu naturala artifizializatu, eta espezie babestuak desagertzera bultzatuko ditu». Izan ere, Magna «Nafarroan nitrogeno oxido gehien isurtzen duen bigarren enpresa dela» salatu dute, «Tuterako Guardian Glass plantaren gibeletik».
Hori dela eta, «herritarren hitza errespetatzeko eta proiektuaren tramitazioa gelditzeko» eskatu diote Gobernuari; «ez dugu utziko Nafarroan gelditzen diren herri lurrak, gure etorkizuna sostengatzeko beharrezkoak, multinazionalei oparitzen».
Azkenik, Magnak Azkarateko meategia zabaldu nahi duela jakinarazi dute; «Aldude mendi guztia xehatuz. Kasu honetan ere, Nafarroako Gobernuak estrategia berdina darabil: herritarren interesaren gainetik kapitalaren interesak babestea».