Baztango Osasun Plataformak adierazi duenez, «Nafarroako Gobernua Osasunari Buruzko Foru Legea berridazteko prozesuan dago. Aurreproiektua aurkeztu dute, eta ekarpenak egiteko epea irekita dago abenduaren 31ra arte. Plataforman argi daukagu lege horrek Osasun sistema publikoa bere osotasunean indartzeko oinarria izan behar duela, zerbitzu pribatuetara baliabiderik bideratu gabe. Aldarrikatu nahi dugu ere euskaraz artatuak izateko daukagun eskubidea, langileen baldintza onak eta egonkortasuna bermatu behar direla…».
Hala ere, «aurreproiektuak ez du norabide horietan aurrerapausorik planteatzen, atzerapausoak baizik». Izan ere, «gizartearen parte hartzerik gabe sortu da aurreproiektua; ez sindikatuek, ez eragileek, ez herritarrok ez dugu aukerarik izan». Edukiari dagokionez, «Osasunbideko zenbait zerbitzu pribatizatzeko atea irekitzen duela» salatu dute, «horiekin negozioa egiteko eta langileen lan baldintzak okertzeko».
Horrez gain, aurreproiektuak «Osasunbidearen, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren izaera juridikoa aldatu» nahi du; erakundeak «Gobernuaren parte integral» izatetik «enpresa publikoak izatera» pasatuko lirateke.
Azkenik, «ez du neurririk planteatzen zerbitzu publikoak blindatzeko, lankidetza publiko-pribatua kontrolatzeko, behin-behinekotasuna murrizteko edota hautaketa prozesu sinplifikatu eta eraginkorrak ziurtatzeko».
Hori dela eta, «mobilizatzen segitzea dagokigu, sistema publiko duina bermatuko duen legearen alde. Eta legea osatzera itxaron gabe, dagozkigun ratioak bete eta zerbitzu euskalduna izan dezagun. Gaur gaurkoz bata zein bertzea ez baitira betetzen».