Eguberrietan karriketan paratzen dituzten apaingarriak berritzeko asmoarekin, Bertan Baztan elkarteak haurrendako eskulan tailerra antolatu du heldu den astean Elizondon. 5-14 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendua izanen da, abenduaren 3an eta 6an Baztan pilotalekuan 10:30etik 13:00etara. Bihar izanen da izena emateko azken eguna, Axularren eta Kaxkamelonen; egun bakarrerako 3 euro ordaindu beharko dira, eta bi egunetarako 5 euro. 5 eta 6 urtetako haurrak heldu batekin joan beharko dute.
Horrez gain, proiektuari laguntzeko CD zaharren bilketa abiatu dute. Etxean ditugun eta botatzekoak diren CDak biltzeko puntuak paratu dituzte hainbat komertziotan: Altxuko dendan, Kattalingorrin, Zanguen, Casinon, Jaimerenan eta Kaxkamelonen.