Rikardo Arregi Kazetaritza Saria irabazi du Isabel Jaurena iruritarrak

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 28a, 09:30

Isabel Jaurena (ezkerrean) atzo egindako sari banaketan. Irudia: RAKS.

Maite Asensio, Amaia Igartua eta Olatz Silvarekin batera Berrian argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortari esker lortu du saria

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien ekitaldi nagusia ospatu zen atzo ilunabarrean Andoainen, eta aurtengo irabazleak ezagutzera eman zituzten. Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik gidatu zuten saioa eta bi sari banatu zituzten, kazetaritza arlokoa eta komunikazio arlokoa; biak 9.000 euroko ordainsariarekin eta Xabier Lakak egindako garaikur banarekin.

Kazetaritza sarian Isabel Jaurena iruritarra, Maite Asensio, Amaia Igartua eta Olatz Silva izan ziren garaile, Berrian argitaratu zuten Feminizketak elkarrizketa sortarekin. Hainbat adin, jatorri eta arlotako pentsalarien gogoetak bildu dituzte lanean, sei hizketaldiren bitartez. Epaimahaiaren erranetan, «alde batetik, galdera egokiei forma eman eta horiek arduratsu bideratu dituzte; eta, bestetik, bizi dugun garai honetan, adimenez ekiteko erantzun mamitsuak eskaintzen dizkigute Silvia Federici, Sara Ahmed, Vandana Shiva, Rita Segato, Remedios Zafra eta Irantzu Varela pentsalariek, mundu mailan ezagunak eta eraginkorrak direnek».

Komunikazio sarian Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak lortu zuen garaipena. Hainbat gairen inguruko euskarazko bideo labur, erakargarri eta dibulgatiboek osatzen dute proiektua, lizentzia libreekin eta jendearen eskura. «Euskarazko jakintza librearen sustapen eta eguneratzeari balio handiko ekarpena» egiten dio proiektuak, «gazteei gertuko egiten zaien egungo eduki digitalen ohiko lengoaian, gaiek eskatzen duten sakontasunari uko egin gabe». Bide batez, «Euskal Wikipedian hainbeste urtez egindako lan eskerga» aitortu zion epaimahaiak elkarteari.

Horrez gain, Ana Galarraga Aiestaran zientzia komunikatzaileari ohorezko mugarria eman zioten, zientziaren arloan egindako dibulgazio lan zorrotz, euskaldun eta feministarengatik.

Marta Lasa Andoaingo Euskara zinegotzia izan zen epaimahaiaren buru, eta mahaikide izan zituen Miren Berasategi (Deustuko Unibertsitatea), Eneko Bidegain (Mondragon Unibertsitatea), Itxaro Borda eta Angel Erro idazle eta prentsa kolaboratzaileak, Pantxika Maitia kazetaria, Libe Mimenza (EHU) eta idazkari lanetan Arantza Aguado Andoaingo Euskara teknikaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun