Nafarroako Futbol Federazioak eta Baztango eta Doneztebeko Udalek ANELA elkartearen aldeko torneo solidarioa antolatu dute bertze behin, abenduaren 6an Giltxaurdi futbol zelaian. CA Osasuna, Real Sociedad, Doneztebe FT eta Baztan KE taldeetako infantilek jokatuko dute, 10:00etatik 14:00etara.
ANELA (AEAren Nafarroako Elkartea) laguntzeko aukera izanen da, hainbat komertziok emandako produktu eta sarien zozketen bidez. Gainera, eritasunari buruz gehiago jakiteko informazio puntua paratuko dute. Lortutako diru guzia elkarteko jendearen egunerokoa hobetzera bideratuko da, bertzeak bertze, fisioterapia, logopedia eta laguntza teknikoen zerbitzuekin.
Alboko Esklerosi Amiotrofikoa
Nerbio sistemaren gaixotasun neuromuskularra da AEA, jatorri ezezagunekoa eta tratamendu eraginkorrik gabe. Motoneurona izeneko zelulek euren funtzionamendua pixkanaka galtzen dute, muskuluen mugimendua mugatuz erabateko paralisira ailegatu arte. Nafarroak 45 kasu inguru ditu erregistratuak, eta estatu osoan 4.000 inguru dira.
Espainiako Gobernuak berriki onartu du ELA legea, gaixoen bizitza hobetzea helburu duena, baliabide gehiago emanez. Torneoaren aurkezpenean adierazi dutenez, «urteetako atzerapena duen lege berriarekin, itxaropen pixka bat ikusten dugu, baina oraindik garrantzitsuena falta da, aurrekontua izatea». Izan ere, gaur egun gaixoen familiek ia osotasunean hartu behar dute zaintza kostuaren ardura, urtero 36.000-40.000 euro ingurukoa izan daitekeena, edo gehiago aurreratutako faseetan.