Azaroak 25

Indarkeria matxista «talde lanean garbitzeko trapu zikina dela» aldarrikatu dute baztandarrek

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 26a, 10:00

Jendetza elkartu zen atzo iluntzean Elizondoko plazan, Hedatu gaitezen zintzilik ez gelditzeko lelopean

Mugimendu feministako kideek adierazi zutenez, «gaurko eguna ezinbertzekoa da inguratzen gaituen errealitateaz ohartzeko, eta errealitate hori nondik begiratu nahi dugun eta fokua non jarri nahi diogun gogoratzeko. Izan ere, indarkeria kasuak behin eta berriz ematen dira, eta deserosoa da, eta aspergarria, eta nekagarria, baino hor daude datuak, hor daude gure herriko trapu zikinak eta hauek ere ikusi behar dira, usaindu eta talde lanean garbitu, bertze eredu bat nahi badugu, aske bizitzea bada gure helburua».

Izan ere, «2003tik 123 emakume eta 12 ume hil dituzte euskal herrian. Zenbakiak beldurgarriak dira eta hala ere ez dute errealitatearen ehuneko txiki bat bertzerik islatzen. Gure eskualdean 25etik gora dira egin diren salaketak azken urtean eta argi dago salatzea ez dela erreza, ez dela prozesu xamur bat eta aunitz isilik gelditzen direla oraindik ere. Zintzilik, ikusezin».

Horregatik «gonbidatzen zaituztegu bertze behin pentsatzera, kontzientzia berrartzera, ondokoarekin hausnartzera. Badagoelako bertze modu bat, badagoelako zer egin. Azken aldian, diskurtso antifeminista aunitz hedatu da, zenbait zirkulutan onartu da, eta hori arras arriskutsua da. Horregatik, ezinbertzekoa da aktibatzea, ohartzea ez bazara konponbidea, arazoaren konplize zarela».

Azkenik, «nahiko kasu gelditu dira zintzilik, nahiko trapu zikin sartu ditugu denbora luzean zabalduko ez ditugun armairuetan, ez al da momentua eskuak bustitzeko? Pazientziaz hartu eta egin beharreko lana eguneroko lan bat dela ohartzeko? Nekeza izan daiteke, baina talde lanean errazagoa da, zentzu bat hartzen du. Orban aunitz ditu oraindik gure errealitateak, baina hauek ere ez dira bakarrik garbituko, horregatik izan dadila arazoa bezain zabala erreparatzeko talde lana: hedatu gaitezen zintzilik ez gelditzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun