Hamabi bertsolari aritu ziren kantuan Elizondo eta Erratzun egindako saioetan eta horietatik sei sailkatu ziren finalera: Ekhiñe Zapiain beratarra, Ekain Alegre, Mikel Lasarte, Beñat Astiz, Idoia Granizo eta Endika Legarra. Finala Elizondoko Kortarixar jatetxean jokatu zuten afalondoko saio gisan 50 lagunen aitzinean.
Zigor Gartzia Zian aritu zen gaiak paratzen, eta Amaia Telletxea, Nerea Bruño, Patxi Barberena, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta epaile lanetan. Epaileek emandako puntuen arabera, Ekain Alegre izendatu dute txapeldun, 328,5 punturekin. Puntu erdira sailkatu zen bigarren lekuan Ekhiñe Zapiain (328) beratarra. Hurrenez hurren Mikel Lasarte (314), Beñat Astiz (300,5), Idoia Granizo (294,5) eta Endika Legarra (284,5) sailkatu ziren gero.
Txapeldunaz gain, saioko bertso onenaren saria ere eman zuen epaimahaiak. Kasu horretan, Beñat Astizentzat izan da, hamarreko txikiko bigarren bertsoagatik. Bi sariak, txapela zein bertso onenarena, Ines Izetak, Mariano Izeta zenaren alabak banatu zituen.