Oronozko lanbide eskola eskatzeko agerraldia eginen dute eskualdeko ordezkariek Parlamentuan

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 22a, 10:30

Egoera salatzeko itxialdia egin dute eskualdeko irakasle eta ikasleek aste honetan Toki Onan.

Berako Toki Ona institutuko eta Elizondo Lanbide Eskolako ikasle eta irakasleek itxialdiak egin dituzte azken asteetan Oronozko proiektuaren geldialdia salatzeko, eta heldu den asteartean Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza komisioan bilduko dira eskualdeko hainbat alkaterekin batera

Baztan-Bidasoko Lanbide Heziketako langileak Oronozko lanbide eskolako proiektuari berrekitea eskatu dute bertze behin, adostutako hezkuntza eskaintzarekin. Eskualdeko bi ikastetxeak, hau da, Elizondoko Lanbide Eskolak eta Berako Toki Onak mobilizazioak hasi zituzten joan den astean protesta gisa. Elizondoko zentroan itxialdia egin zuten joan den ortzegun arratsaldetik ortzirale goizera, eta aste honetan Toki Ona Institutuan egin dute itxialdia eskualdeko ikasle zein irakasleek.

Arazoari konponbidea eman ezean, «protestak eta ekintzak egiten» segituko dutela jakinarazi dute, «erabat premiazkoa den beharrari erantzuten dion eskola berria eraiki arte». Bide beretik, azaroaren 26an bi ikastetxeetako zuzendariak eta hainbat alkatek agerraldia eginen dute Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza komisioan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun