Bertan berria aurkeztu dute Baztango komertzioek

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 21a, 16:00

Juan Angel Perotxena batzorde buruak gidatu zuen atzoko aurkezpena.

«Baztanen bizi, etorkizuna eraiki» lelopean, elkarteak itxura berria estreinatu du eta etorkizuneko erronka eta helburuak plazaratu ditu

Duela ia 20 urte sortu zen Bertan Baztango komertzioen elkartea, baztandarrak erakartzeko eta bertan kontsumitzeko helburuarekin. Orain batzordea aldatu dutela, elkartea «birsortzea» erabaki dute, helburu berriekin.

Atzo Arizkunenean egindako aurkezpenean azaldu zutenez, «gizartea eta bizi dugun testuingurua aldatu dira (kontsumo ohiturak eta estiloak, teknologia…), baita eraldatzera behartzen gaituzten zenbait faktore eta eragile berri azaldu ere (turismoaren dinamika, belaunaldien arteko erreleboa…)». Hori dela eta, «helburu bakarra ez da salmenta hutsa, baizik eta bizi-bizirik dagoen eta arduratsua den Baztan bat mantentzen laguntzea».

Etorkizunera begira, «baztandarren erronketan modu aktiboagoan» parte hartuko du elkarteak, eta «elkartekideak zein bezero potentzialak tokiko merkataritzaren, komunitatearen eta zenbait balio etikoren garrantziaz kontzientziatzen ahaleginduko da».

Gainera, etapa berrian Baztango Zaporeak ekoizleen elkartea Bertanen sartuko da, eta Apopilo alojamenduen elkarteak ere haiekin segituko du. Aldi berean, «Baztango Udala, INTIA edo Cederna bezalako erakundeekin elkarlana areagotzen saiatuko gara».

Urtean zehar egiten dituzten ekitaldiez gain, «bertze ekintza eta ideia batzuk aurkeztuko ditugu datozen hilabeteetan. Batzuk gure bezeroei begira egonen dira; bertze batzuk hurrengo belaunaldien hezkuntzari begira; eta batzuk elkartekideentzako ere eginen dira, indartsuagoak izateko».

Logo berria aurkeztu du elkarteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun