Aste honetan eman diote hasmenta kanpainari eta Elizondoko Ze goxoa fruta dendan egin zuten ekitaldia. Bertan izan ziren Mattin Asiain, Baztango akonpainamendurako teknikaria, Miren Meoki, udaleko hondakin teknikaria, Oscar Rubio, Nafarroako hondakinak prebenitzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko bulegoko arduraduna eta Fernando Anbustegi, Baztango alkatea. Julen eta Montse dendako langileek poltsak eman zizkieten bezeroak diren Bixi eta Karmentxuri.
Europako hondakinak prebenitzeko astearen harira abiatu dute kanpaina, plastikozko poltsen erabilera murrizteko helburuarekin. Nafarroa osoko hondakinen kudeaketaz arduratzen diren 15 entitatek banatuko dituzte poltsak, 330 fruta denda baino gehiagotan. Nafarroan urtero 410 kilo hondakin sortzen dira biztanleko, eta ekintza gehiago antolatu dituzte hori murriztearen eta erosketa jasangarrien alde.