Ia zazpi urte pasatu dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua bere aldarria plazara ateratzen hasi zenetik. Tarte horretan, 1.080 euroko guttieneko pentsioa izan dute aldarrikapen nagusia, baina bertze hainbat gai ere landu dituzte. Bide horretan aritu da Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimendua ere, eta halaxe segitzen du, hilabeteko hirugarren astelehenetan elkarretaratzeak eginez. Azarokoa atzo egin zuten Elizondon.
Atzo adierazi zutenez, guttieneko pentsioaren aldarria «argi izpiak ikusten hasia da. Nafarroako 2025eko aurrekontuetan, pentsiodun guztiei 1.035 euroko diru sarrera bermatzea adostu dute. Akordioak ez du biltzen 1.080 eurora ailegatzea, baina oraingo 899 eurokoa nabarmen hobetuko du». Baztan-Bidasoko pentsiodunen hitzetan, «ez da eskatutakoa asetzeko adinako lorpena, baina bide onean doa». Horrekin batera, «oraindik 1.080 euroko guttieneko pentsioa aldarrikatzeko pankartekin segitzen» dutela oroitarazi zuten: «Lanean segituz, lorpen gehiago etorriko dira».
Zaintza lanak
Zaintza lanak ere hainbatetan izan dira pentsiodunen eskakizunen artean. Elizondoko agerraldian, batetik, «Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko osasun arretan dauden gabeziak» salatu zituzten, eta konponbidea eskatzeko Baztango Osasun Plataformaren mobilizazioekin bat egiten dutela azpimarratu zuten. Hala, abenduaren 4an, 18:00etan, Elizondoko Osasun Etxearen aitzinean egitekoa den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin zuten. Horrekin batera, Nafarroako Osasun Lege proiektuaz aritu ziren: «Dagoeneko gabezia larriak ageri dira, osasun zaintza erakunde pribatuen esku uzteko asmoa biltzen duelako».
Bertzetik, adinekoen zaintza hartu zuten hizpide, eta Nafarroan hitzarmen duina eskatuz zahar egoitzetako langileen sindikatuak deituta egiten ari diren mobilizazioak aipatu zituzten. Gehiago ere bai: «Gure eskualdean, Berako San Jose egoitzako langileak mobilizatzen hasi dira».
Gainerakoan, «fiskalitate kontuek aurrekontuak erabat baldintzatzen dituztela» aipatu zuten: «Fiskalitate legeak gaur egun biltzen duenarekin ados daude instituzioak, diruaren etekinak jartzen dituzte erdigunean». Horri erantzunez, pentsiodunek «jendea erdigunean jartzeko» eskatu zuten.
Bide beretik, «administrazioek, arlo guzietan, gestioa pribatizatzeko duten joera larria» salatu zuten. Hala, mobilizatzen segitzeko beharra agerian utzi zuten, baita «Palestina eta antzera dauden bertze lurraldeen kontrako sarraskia eta genozidioa» salatu ere. «Estatu Batuek eta berarekin diren gainerako potentziak bat egiten dute sionistekin. Kontra gaudenok hasi beharko dugu bertze bide batzuk jorratzen, nazioarte mailan, palestinarrak eta gainerako herriak libre eta bakean bizi ahal izateko».