Sariketa heldu den larunbatean, azaroaren 23an jokatuko dute. 18:00etan aldibereko bi kanporaketa eginen dituzte Erratzuko Zubi-Punta ostatuan eta Elizondoko Intzan. Sei bertsolari ariko dira saio bakoitzean, eta bakoitzeko lehen hiruek lortuko dute finalerako sarrera. Finala Kortarixar jatetxean eginen dute afaldu ondotik.
Erratzuko Zubi Puntan Ekain Alegre, Mikel Lasarte, Ekhiñe Zapiain (Bera), Etxahun Azkarraga (Etxalar), Josu Txoperena (Lesaka) eta Kattin Madariaga (Arantza) ariko dira. Gaiak jartzen Maialen Belarra doneztebarra ariko da.
Elizondoko Intzan, aldiz, honako sei bertsolariak ariko dira: Ainara Ieregi, Beñat Astiz, Eki Mateorena (Leitza), Endika Legarra, Idoia Granizo eta Julen Bernaldo de Quirós.
Saio bakoitzeko lehen hiru sailkatuak Kortarixarren eginen duten afarirako sailkatuko dira. Afalondoan izanen da saioa, eta sarrerak dagoeneko salgai daude hemen. Finalean Zigor Gartzia Zian ariko da gaiak paratzen.
Hamaikagarrenez Izeta gogoan
2004. urtean antolatu zuten sariketa lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena (Elizondo), Oier Lakuntza, Jon Elizetxe (Gartzain), Iñaki Aleman (Irurita), Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi (Leitza), Saats Karasatorre, Xabat Illarregi (Leitza) eta Sarai Robles.
Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan handia egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, Nafar Izkuntzako kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.
Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aitzinera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.
Izeta Sariketak Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.