Jarduera fisikoa sustatzeko kirol errezeten preskripzioa abiatu dute Baztanen

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 8a, 11:30

Gorka Urtasun zinegotzia, Maria Plaza Giltxaurdiko gerentea, Xabier Zarandona osasun eremuko zuzendaria, Isabel Arretxea erizainen zuzendaria eta Fernando Anbustegi alkatea.

Baztango Udalak eta Baztango Oinarrizko Osasun Eremuak hitzarmena sinatu dute, Giltxaurdi Udal Kirol Instalazioaren bidez, martxan jartzeko kirol errezeta, jarduera fisikoa eta osasuna preskribatzeko programa

Bizi ohiturak edota elikadura ohiturak hobetu nahi dituzten gaixoei zuzenduta dago programa. Pertsona horiek kontsultara joan eta medikuak kirol errezeta preskribatuko die. Pazientea udaleko kirol instalaziora bideratuko da, prestatzaile fisikoek, astean gutienez bi egunetan eta 10 hilabeteko iraupenarekin, egin beharreko jarduera fisikoa zuzendu diezaioten.

Azaldu dutenez, programaren helburua «pazienteak ohitura osasungarri gisa, gaixotasuna hobetzeko, edo gaixotasunik izan ez arren osasun baldintzak hobetzeko, kirola egitera motibatzea da». Baztango Udalaren programa komunitarioa da, abonu sozialen prezioekin, «eta osasunaren sustapenaren eta prebentzioaren aldekoa dena, baita zahartze aktiboaren sustapenaren aldekoa ere».

Kirol errezetaren programari buruzko informazio guztia Baztango Udal Kirol Instalazioan eta Baztango Oinarrizko Osasun Eremuan egonen da eskuragarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun