Baztango Talde Ekosozialak Elizondon hiru bidegorri egiteko proiektua proposatu dio udalari

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 7a, 15:00

Bizikletendako bideetako bat Amaiurko Gazteluko karrikan egitea proposatu dute.

Erlategi inguruan, Amaiurko Gazteluko karrikan eta Diputazio etorbidean landu dute bizikleta bideen proiektua, 17.000 euro inguruko kostua aurreikusi dute eta ez luke ondoriorik izanen autoen zirkulazio norabidean ezta aparkatzeko tokietan ere

Baztango Talde Ekosozialak bizikleta zaleendako azpiegitura seguruak egiten hasteko proposamena aurkeztu berri du. Taldearen ustez, «guztiz egingarriak diren proposamenak dira, autoen zirkulazio norabidean eta aparkatzeko tokien kopuruan ez baitu eraginik, eta hori izaten baita maiz halako proiektuak gibelarazi edo geldiarazteko arrazoia». Proiektuaren aitzinkontua, altaxu, 16.933,40 eurokoa da, zola gorriz margotuz gero. Zola gorriz margotu gabe 8.250,40 eurokoa, biak ere BEZik gabe.

Erlategi inguruan, Mendinueta karrikan zehazki, luzera guztian egitea proposatu dute, espaloiaren kontra. «Bi norabidekoa litzateke, eta 2,20 metroko zabalera izanen luke. Horrek erran nahi du autoak aparkatzeko lerroa espaloitik 2,20 metro urrundu beharko litzatekeela».

Diputazio etorbidean, hau da, lanbide eskola parean, berdin; «bi norabideko eta 2,20 metroko zabalerako bidegorria izanen litzateke, eta autoak aparkatzeko lerroa espaloitik bertze hainbertzeko distantziarat mugitu beharko litzateke».

Azkenik, Amaiurko Gazteluko karrika bitan zatitu dute: «Santiago karrikatik erdiko bidegurutzeraino, espaloiaren joan, bi norabideko eta 3 metroko bidegorria eginen litzateke, autoak aparkatzeko tokia errepidearen bertze aldean utzita. Karrikaren bigarren zatia meharragoa da, bidegurutzetik Diputazio etorbidearen aldera, eta norabide bakarreko eta 1,5 metroko zabalerako bidegorria proposatu dute, autoen zirkulazioaren kontrako norabidean.

Horrez gain, «bizikletazaleen segurtasuna bermatzeko, autoetatik bereizteko plastikozko tako errenkadak paratu beharko dira».

Azaldu dutenez, «oraingo karriken aldaketarik aipagarriena autoen zirkulazio erraia mehartzen dela da, kasuren batean 2,70 metroko zabalera utziz. Horrelako zabalerak, nolanahi ere, trafikoa baretzeko eskuliburuetan aurreikusten  eta erabiltzen dira. Hortaz, zeharka, bideko segurtasuna hobetzeko neurria ere izanen da».

Udalean aurkeztutako txostenean, proiektuaren zehaztasunez gain, bidegorria egiteko arrazoibideak landu dituzte. Taldearen ustez, «bizikleta azpiegitura seguruak egitea da bizikletan ibiltzea bultzatzeko modurik eraginkorrena, dagoeneko bertze tokietan ikusi eta frogatu ahal izan den gisan. Gainera, klimaren aldaketa gelditzeko ezinbertzekoa da CO2 isuriak gutitzea, eta, horretarako, gure mugitzeko eredua aldatzea, hau da, auto gutiago eta garraio publiko, oinezko eta bizikleta gehiago».

Taldeak aurkeztutako proposamen osoa irakurgai dago hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun