Valentziara laguntza bidaltzeko materiala biltzen hasi dira Baztanen

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 4a, 18:30

Valentziako hondamendian laguntzeko material bilketa hasi dute Arraiozen eta Elizondon. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak.

Valentzian pasa den astean hasitako denboraleak gutxienez 217 heriotza eta kalte material izugarriak eragin ditu. Aunitz dira azken egunetan Valentziako herritarrak laguntzeko antolatutako ekimenak, eta Baztanen ere material bilketa hasi dute Arraiozen, Elizondon eta Elbeten.

Alde batetik Arraiozen hasi dute bilketa. Ortzeguna arte bilduko dute materiala Zubiondo ostatuko biltegian, eta hiru furgonetetan eta kamio batean eramenen dituzte Valentziara. Honako zerrenda osatu dute bildu beharreko materialarekin:

  • Lanerako materiala: katiuskak, palak...
  • Basura poltsak.
  • Desinfektatzeko produktuak.
  • Apositoak, gasak eta betadine.
  • Maskarak eta eskularruak.
  • Arropa.
  • Haurrendako janaria: esnea, pixoihalak...
  • Garbiketarako materiala: isatsak, fregonak, trapuak...
  • Pertsona adinduendako produktuak: pixoihalak, oihal xurgatzaileak, xaboidun esponjak, toallita haundiak...
  • Higiene pertsonalerako produktuak.
  • Ura eta janaria: sobreko zopak, latako eltzariak...

Elizondon ere hasi dute janari bilketa eta bihar, azaroaren 5a, bilduko dute Aise Elkartean 09:30etik 13:00etara eta 15:30etik 19:00etara. Bildutako material dena asteazkenean eramanen dute Valentziara Baztango boluntario batzuek. Honako produktuak eskatu dituzte:

  • Maskarak.
  • Linternak.
  • Higiene pertsonaleko produktuak: xaboia, xanpua, pasta eta hortzetako eskuinak, pixoihalak, eskuoihalak, komuneko papera, konpresak...
  • Lehen sorospenerako botikina: gasak, parazetamola...

Elbeten ere bilketa hasi dute eskolan. Gaur hasi dira bilketarekin eta astearte arratsaldean eta asteazkenean 10:30etik 13:00etara eta 18:30etik 20:30era ere egonen dira materiala eta janaria biltzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun