[ARGAZKIAK eta BIDEOA] Ederki joan da Gau Beltzaren ospakizuna Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 4a, 17:00

Gustura ibili ziren Elizondoko haur eta gaztetxoak urriaren 31ko ilunabarrean. Mozorroak soinean eta aurpegiak margotuak zituztela, lehenik zahar etxean izan ziren kantuan eta dantzan, eta ondotik kalejiran joan ziren plazara. Gazteenek ipuin kontalaria izan zuten bertan, eta kozkorrenak dendaz denda ibili ziren eskean. Beldur erretzearekin eta dantzaldiarekin akitu zuten jardunaldia, gaztaina erreak jan bidenabar.

Argazkiak: Gau Beltza Batzordea eta Ondikol

Egun haundia ortzegunean izan bazen ere, egitaraua urriaren 27an abiatu zen; dantza eta abestia entseatzeko bildu ziren, eta marrazketa tailerra izan zuten. Ondotik, zahar etxera eraman zituzten marrazkiak. Urriaren 29an, berriz, 50 bat haur bildu ziren liburutegian, Josune Gorostidiren eskutik beldurrezko istorioak aditzeko.

Egun guzietako irudiak bideo batean bildu dituzte antolatzaileek, eta eskerrak eman dizkiete besta aitzinera eramaten lagundu duten norbanako eta elkarte zein erakunde guziei; «mila esker eta hurrengo urtean elkar ikusiko dugu berriz!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun