Etxebizitza Merkatu Tentsionatu Eremu izendapenaz eta Alokairu Poltsaz aritzeko, topaketa eginen dute Elizondon urriaren 2an

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 30a

Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak hitzaldiak programatu ditu Nafarroako sei udalerritan. Horietako bat Baztanen izanen eta hitzordua dagoeneko finkatu dute: urriaren 2an, 18:00etan, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.

Baztan, Nafarroako bertze 21 udalerriren gisa berean, Nafarroako Merkatu Tentsionatuko Eremu izendapean sartuta dago
Sarrera libreko bilera honetan, bi gai nagusi jorratuko dituzte: alde batetik Baztan Merkatu Tentsionatuko Eremu izendapenean sartuta egoteak berekin dakarrena (betebeharrak eta eskubideak), eta, bertzetik,  Nafarroako Gobernuaren Alokairu Poltsari buruzko informazio zehatza zabalduko da.
 
Etxebizitzen jabeek eta errentariek dituzten betebeharrak eta eskubideak
Lehenengo gaiari dagokionez, Nafarroan Merkatu Tentsionatuko Eremu izendatua den 21 udalerri horietako batean bizitzeak zer suposatzen duen azalduko dute, baita etxebizitzen jabeek eta errentariek udalerri horietan dituzten betebeharrak eta eskubideak ere.
 
Etxebizitzen alokairu poltsaren funtzionamendua
Bigarren gaiari dagokionez, beren etxebizitzak Alokairu Poltsaren esku uzteagatik jabeek dituzten bermeak eta onurak azalduko dituzte, hala nola errentaren kobrantza puntuala, gorabeheren kudeaketa, asegurua, dirulaguntza baten kobrantza edo zerga murrizketak. Gisa berean, bilera horretan denbora tarte bat eskainiko zaio etxebizitza lagapenaren gutieneko baldintzak errepasatzeko: etxebizitzaren tipologia, beharrezko ziurtagiriak, komunitatearen asegurua edukitzea edo lagapen horren iraupen urteak.
 
Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun