Gabirel Ezkurdia nazioarteko adituarekin solasaldia antolatu du azaroaren 21erako Baztango Sortuk

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 1a, 11:00

Gabirel Ezkurdia nazioarteo gaietan aditua ariko da solasean Arizkuenean. Argazkia: Argia.

Nazioarteko egoera «geroz eta konplexuagoari» eta «gerrazaleagoari» begiratzeko eta «munduaren nondik norakoak ulertu eta bakearen eta justiziaren alde ezkerrak egin dezakeenaz gogoetatzeko» solasaldia antolatu du Baztango Sortuk.

Mintzaldia azaroaren 21ean izanen da Elizondoko Arizkunenean 19:00etan. Gabirel Ezkurdia Arteaga politologo eta nazioarteko gaietan aditua eta GeopolitikaZ ikerketa taldeko kidea arduratuko da azalpenak emateaz.

Baztango Sortuk nabarmendu duenez mintzaldian hainbat gai landuko dituzte. Alde batetik, inperialismo euro-amerrikarra aztertuko dute, eta horren baitan NATOren papera: «Oldarki ari izan den eta ari den blokea da, azkeneko urteetan bere hegemonia nagusiarazteko ezinean ari dena, nahiz eta han-hemen gerrak hauspotu eta nazioarte ezegonkortzeko saiakeran jarraitzen duena», azaldu dute.

Bertzalde, gorabidean ari den BRICS blokeari ere kasu eginen diote. «Orotariko estatuak biltzen ari dira bertan, ez dute nahitaez proiektu askatzaile eta berdinzale bat ipar, baina inperialismo euro-amerikarraren kontrako aukera erreal bakarra da, mundu multipolarra eraikitzeko eta orain arteko menpekotasun harremanak hausteko».

Azkenik, «indartzen ari den gerra giroa» ere aztertuko dute: «Gastu militarra handitzen, derrigorrezko soldaduska ezartzeko nahia Europako hainbat tokitan, autoritarismoaren eta ultraeskuinaren gorakada...».

Ezker eraldatzaileak baketa eta justiziaren alde egin dezakeenaz gogoeta eginez bukatuko dute solasaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun