Ilunabar beldurgarria izanen dute bihar Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 30a, 10:30

50 haur inguru bildu ziren atzo liburutegiko ipuin kontaketan eta Gau Beltzaren egitarauak bihar arratsaldean izanen du segida

Elizondoko Gau Beltza Batzordeak egitarau oparoa antolatu du bertze behin urriaren 31ren bueltan, herriaren, zahar etxearen eta Bertanen laguntzarekin. Igandean marrazketa tailerra eta dantza entsegua izan zuten haurrek, eta marrazkiak zahar etxera eraman zituzten. Atzo, berriz, lau ipuin beldurgarri aditzeko aukera izan zuten liburutegian, Josune Gorostidiren eskutik, berak sortuak eta girotuak.

Bihar, urriaren 31n, zahar etxean bilduko dira 17:00etan. Dantzatu eta kantatu ondotik, Tasubinsako langileek beraien eskulanak emanen dizkiete aitatxi eta amatxiei. 17:30ean kalejiran joanen dira plazaraino eta bertan txokolate beroa izanen dute. Gainera, 16:30etik 18:30era aurpegia margotzeko aukera izanen da.

18:30ean bi taldetan banatuko dira: zazpi urtetik goitiko kozkorrek ibilaldia eginen dute komertzioetatik, eta goxokiak izanen dituzte Bertan elkartearen eskutik. Zazpi urtetik beheitiko haurrendako, berriz, Ameli ipuin kontalariaren saioa musikatua izanen da plazan.

Ondotik, denak plazan elkartuko dira berriz ere, eta 19:30ean beldur erretzea eginen dute. Horretarako, norberak etxetik idatziak ekarri beharko ditu. Akitzeko, 20:00etan dantzaldia izanen da. Horrez gain, gaztainak jateko eta sagardoa edateko aukera izanen da, eta txokolaterako zein sagardorako bakoitzak bere edalontzia eraman dezala eskatu dute. Azkenik, etxetik mozorrotuak etortzera eta kalabaza apainduak ekartzera animatu dituzte gazte eta ez hain gazteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun