Oronozko Zubialdeko zaldikoak irabazi du Espainiako arabiar arrazako zaldien txapelketa

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 30a, 18:00

Asier Goñi, eskuinetik hasita bigarrena, Kordoban irabazitako sariarekin. Argazkiak: Manuel Arcos eta Emanuela DT

Asier Goñik hazitako Masheikh Al Zubi zaldikoa bere kategorian garaile izan da Kordoban

Urriaren 19an eta 20an Kordoban jokatu zen Espainiako arabiar arrazako zaldien 44. Lehiaketa. Oronozko Zubialdea Arabian haztegian Asier Goñik hazitako Masheikh Al Zubi zaldikoa izan zen Espainiako txapeldun Yearling kategorian. Urrezko domina lortzeaz gain, junior mailan lehiaketako puntuaziorik altuena lortu zuen.

Arabiar arrazako zaldienganako pasioak bultzatuta 2010ean erosi zituen bere lehen bi behorrak Asier Goñik, Zubialdea Arabians proiektua hasteko. oronoztarraren lanak emaitzak eman zituen eta 2017an Dariyah Al Zubi zaldikoak Espainiako junior txapelketa irabazi zuen. Hain zuzen, Dariyah Al Zubi haren semea da orain txapeldun suertatu den Masheik Al Zubi. Asier Goñik aipatu duen bezala, «genetikoki zaldiko interesgarria da, aita munduko txapeldun eta ama Espainiako txapeldun delako, hori oinarri ona da. Gainera, ongi prestatua dago eta txapelketan arras ongi egin zuen».

Masheikh Al Zubi zaldikoa, Bernat Tolra prestatzailearekin, Kordobako proba batean.

Azken garaipen hau titulu bat baino hagitzez gehiago da Goñirendako: «Zaldikoak kirolariak bezalakoak dira, zaldiko honek 6-8 hilabeteko entrenamendua egin du Bartzelonan, gihardura indartzen, ilajea zaintzen eta fisikoki ongi prestatzen… Genetikaren eta prestakuntzaren arteko konbinazio honi esker irabazi du Masheikh Al Zubi zaldikoak».

Oronozen hazitako zaldikoa, Espainiako txapeldun Yearling kategorian.

Etorkizunera begira, Espainiako txapelketetan parte hartzen segitu nahi du Goñik, eta, beharbada, baita nazioarteko lehiaketaren batean ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun