Ortzirale goizean animaliak izan ziren nagusi Merkatuko zelaian, eta euriak ez zituen azienda zaleak uxatu; zaldiak, behiak, ardiak, poniak, zerriak… iaz baino azienda buru gehiago bildu ziren zelaian. Makineriak ere ez zuen hutsik egin Laxoko frontoian.
Geriza nahi zutenendako Elizondoko Ferietako III. Ardi Gasna lehiaketa izan zen eguerdian Merkatuko plazan. Aurten herritarrak izan ziren gasna irabazlea erabaki zutenak eta Nafarroako ekoizle ugarik parte hartu zuten lehiaketan. Lehenbiziko saritua Eulateko Ruiz de Larramendi (Larramendi) izan zen, bigarrena Urbasako Carlos Aramendia (Goian) eta hirugarrena Zudairiko Nerea Olazaran (Nere Gazta). Baztango gaztarik onena eta baztango artzain gazteenaren saria Lekarozko Julen Arburuaren infernuko gasnarendako izan zen.
Arratsaldean ASPEko pilotarien partidak izan ziren Baztan pilotalekuan. Erakustaldi haundian, Ezkurdia eta Rezusta nagusitu ziren Zabala eta Zabaletaren kontra, 22-18.
Tonbola solidarioa
Urtero bezala, Saharaztan elkarteak tonbola paratu zuen Oporrak Bakean programarako dirua biltzeko. Ortziralean txartel guziak salduta, larunbatean ez zuten posturik paratu. Hala ere, «norbaitek etxean txartel sarituren bat baldin badu eta oparia bildu gabe, elkartearekin harremanetan jarri saharaztan@hotmail.com helbidera idatziz edo kide bati galdetuz».
Elkarteak eskerrak eman ditu; «batetik zerbitzu, komertzio, lantegi, sortzaile, artisau, artista… guztiei, urte batez gehiago gure elkartasun eskaerei eskuzabaltasunez erantzuteagatik. Bertzetik, postua jartzeko tokia, materiala, gauzak altxatzeko espazioak… uzten diguten norbanako eta eragileei. Eta doikabe, feria egunean txartelak erosteko konpromisoa hartzen duzuen herritar guztiei!».
Jakinarazi dutenez, Doneztebeko ferietan ere postua paratuko dute, elkarteak egindako kamiseta, boligrafo, metxero eta erosketako poltsekin salgai.