Baztango Geroa Baik elkartasuna adierazi die «eskualdeko Lanbide Heziketaren sektoreko hezkuntza komunitatearen aldarrikapen eta beharrizanei», eta Baztango Udala premiatu du «Hezkuntza kontseilari eta Departamentuari bere atsekabea agertzera». Izan ere, «ez ditu eskualde honekin eta bertako gizarte eta hezkuntza komunitatearekin dituen konpromisoak bete, zehazki Oronoz-Mugairin proiektatutako Baztan-Bidasoa Lanbide Heziketako Zentro Integratuari dagokionez».
Horrekin batera, «proiektuari dagozkion betebeharrak bizkortzea» eskatu dute, «aspaldi onartua baitzen baina oraindik bete gabe dago». Lander Santamaria zinegotziak gogoratu duenez, «2021ean erran zuen Carlos Gimeno kontseilariak 2022an hasiko zirela zentroko eraikuntza lanak eta ikastetxeak 2023/24 urtean hasiko zuela jarduera».
Zinegotziak adierazi duenez, «ezerezean gelditu da zentro hori, eskualdeko gizarte eta hezkuntza komunitatearen nahi, ilusio, proposamen eta itxaropenak bertzelakoak izan arren, bereziki Berako Toki Ona, Lekarozko Institutuko eta Elizondo Lanbide Eskolako komunitatearenak. Proiektua urte luzeetako aldarrikapena izan da, are gehiago bertako ikasle eta irakasleek Elizondoko instalazioetan egoera onartezin eta kaxkarrak pairatzen dituztenean».