Baztango Lixura enpresa publikoan «lan baldintzak hobetuko dituen lehendabiziko akordioa» lortu dutela dio LABek

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 22a, 17:00

Baztan Haur Eskolaz eta Baztango udal eraikinen garbiketaz arduratzen da Lixura enpresa publikoa, eta «langileak antolatuta hobekuntza nabarmenak» lortu dituztela azpimarratu du LAB sindikatuak.

Hobekuntza horien artean, hainbat puntu aipatu ditu LABek: «bajak % 100era arte osatzea, lanerako arropa Baztango dendetan erosteko aukera ordaindua, antzinakotasuna kontuan edukitzea nominaren ordainketarako, erretiro partzialerako sarbidea izatea errelebo kontratuarekin, baimen eta eszedentziak eguneratzea eta hobetzea, soldatarik gabeko baimena, kilometrajea ordaintzea...». Eta horrekin batera, «berrikuntza moduan, legeak ezartzen dituen odolkidetasun harremanetan oinarritzen diren zaintza baimenekin batera, bertze binkulograma sozio-afektibo bat» sartu dute, hau da, «norberak aukeratu ahal izanen du nor zaindu nahi duen».

LABen ustez, gisa horretara «agerian» gelditu da «langileak antolatuta hobekuntza nabarmenak lortzen ahal direla». Are gehiago, «batasunik gabe hori guztia ezinezkoa» izanen litzatekeela gaineratu du. Gisa berean, Lixura enpresa publikoaren sorrera txalotu du: «Zerbitzuak pribatizatzeko joeren aitzinean, udal zerbitzuen kudeaketa publiko egiteak, negoziazio markoak herriratzeak eta logika pribatua alde batera uzteak aurrerapausoak ematea ahalbidetzen du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun