Eusebia Felisa Askobereta Plaza inauguratu zuten urriaren 17an Urdulizen (Bizkaia), Errepublika garaian urte luzez bertan maistra aritu zen berroetarraren omenez. Gerra zibila ailegatu zelarik eta uda partean Baztanen zela, 1936/37 ikasturte berriari ekin behar zioenean, Bizkaiko Araztegi Batzordeak irakaskuntza baimena ukatu egin zion, bere kontrako jokabide politiko eta erlijiosoen txostena agertuz. 1937an bere ideologiagatik Euskadin (EAEn) eskolak ematea debekatu zioten, eta 1939an Nafarroan, nahiz eta beranduago Eguaratsen (Atetz, Nafarroa) klaseak ematea lortu zuen.
Plazaren izendapena Urdulizko talde feministaren urtetako aldarrikapenaren emaitza izan da, orain arte ez baitzuten karrikarik herrian emakumeen izenekin. Landa Eremuko Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan, udalak bi plaza eta karrika bat izendatu ditu emakumeen omenez.
Baztan osoan hiru karrikek dituzte emakumeen izenak; Maria Azpilkueta karrika Elizondon, Goienetxe Dukesa plaza Iruritan eta Mertxede karrika Amaiurren.
Bertzelako kasuak Baztanen
Askoberetaren antzeko kasuak eta larriagoak izan ziren gerra zibil eta franskimo garaian Baztanen, Fermin Gartxitorena berroetarrak azaldu bezala.
Maria Dominguez Remon kazetaria, feminista, politikaria, sozialista… izan zen. Errepublika garaian, 1932an, lehendabizikoetako emakumezko alkatea izan zen Galluren (Zaragoza). Guztien heziketa baina bereziki emakumeena defendatzen zuen. Beranduago, alkatetza utzi eta irakaskuntza eta kazetaritzara dedikatu zen. Baztanen, Almandoz herrian andereño lanetan aritu zen, Mendiola auzoan, gaixotu zen arte. Gerra hasmentan fusilatua izan zen
Maritxu Viscarretek aita euskalduna zuen, baina ez zion eskuara erakutsi eta beranduago ikasi zuen. Iruñean ireki zuen lehendabiziko ikastola, eta gerra hastean familiarekin ihes egin zuen Iparraldera. 1937an aita hil zitzaion eta Iruñera itzuli zen. Espedientea ireki zioten, eta horren ondorioz, ezin izan zuen eskolarik eman. Zigorra beteta, 1943an Erratzura bidali zuten irakasle, urrutiratzeko asmoz, eta han aritu zen erretiroa hartu arte. Ohiko ikasgaiez gain, euskal kantak, dantzak eta ipuinak erakusten zizkien ikasleei, metodo berritzaileez baliatuta.