Zoru pelbikoari eta emakumeen inkontinentziari buruzko solasaldia izanen da asteazkenean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 21a, 13:00

Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak hainbat solasaldi antolatu ditu Arizkunenea kultur etxean, eta hurrengoa Leyre Salmeronek gidatuko du

Urriaren 23an, 19:00etan, zoru pelbikoari eta emakumeen inkontinentziari buruz solastatuko da Leyre Salmeron fisioterapeuta. Pixa inkontinentzia emakumeen artean hedatutako arazoa da, eta mintzaldian kasu ohikoenak, horien prebentzioa eta tratamenduak landuko ditu. Gernu higienea ere izanen du solasgai, eta hainbat esparrutatik landuko du gaia, bereziki fisioterapiatik.

Azaroaren 20an, 19:00etan, zaintzaileen zaintzari buruzko solasaldia emanen du Jose Manuel Rodriguez fisioterapeutak. Izan ere, fisioterapiak eginkizun garrantzitsua du zaintzan; ez bakarrik mendekotasuna duen pazientearen tratamenduan, baita zaintzailearen lanean ere, bertzeak bertze, balizko lesioak prebenitzeko eta laguntza teknikoei buruz aholkatzeko.

Solasaldiak debalde izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun