'Mugako ahotsak: Kontrabandoaren testigantzak' dokumentala emanen dute urriaren 30ean Arizkunenean

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 18a, 18:30

Beartzungo Urruska etxeko Joxepi Miura da dokumentaleko protagonistetako bat.

Proiekzioaren ondotik mahai ingurua izanen da hiru emakumeren eskutik: Joxepi Miura, Mari Karmen Auzki eta Elixabet Etxandi

Landa eremuko emakumeen egunaren harira, Baztango Udalak eta Baigorriko Herriko Etxeak Mugako ahotsak: Kontrabandoaren testigantzak dokumentala sortu dute Labrit Multimediarekin batera. Arizkunenean urriaren 31ra arte ikusgai dagoen argazki erakusketarekin batera, dokumentalaren proiekzioa antolatu dute hilaren 30ean 18:00etan.

Emanaldiaren ondotik mahai inguru izanen da, Marijo Garmendia kazetariak gidatua. Hiru emakume solastatuko dira, alde batetik Joxepi Miurak eta Mari Karmen Auzkik, protagonistetako bik, haien esperientzia pertsonalak kontatuko dituzte. Bertzetik, gaiari buruzko landa ikerketa egin duen Elixabet Etxandi mintzatuko da, errealitate horri buruzko ikuspegi aberasgarria emanez.

Ekitaldiaren helburua «ez da soilik emakumeek kontrabandoan izan zuten papera gogoratzea eta bi haranetarako diru sarrera eta merkataritza iturri garrantzitsu hau mahai gainera ekartzea. Kontrabandoak Baigorri eta Baztango herrien arteko elkartasun sareak ehundu zituen, ezarritako oztopoak oztopo, komunitateek bat eginda mantentzen jakin dutela erakutsiz». Hortaz, herritar guziak animatu dituzte ekitaldian parte hartzera.

'Mugako ahotsak'

«Bi udalerriak banatzen dituen muga administratiboaren bi aldeen garapen ekonomikoan eta harremanean berebiziko garrantzia izan duten emakume eta gizonen lekukotasuna» biltzen du dokumentalak, elkarrizketa formatuan. Hala ere, «emakumeen ekarpena ezkutuan egon da neurri handi batean, ikusezin kontakizun ofizialetan. Proiekzio honen helburua da haien ahalegina, ausardia eta gaitasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea, zubiak eraikitzeko muga batek banandutako bi komunitateren artean, baina bizikidetzak eta eguneroko partekatzeak elkartuta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun