Eskualdean Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxeen ordezkariek jakinarazi dutenez, «Gimenoren asmoa eskualdeko Lanbide Heziketako eskaintza akademikoa aldatzea da, eta horrekin batera, Oronozko eskolaren eraikuntzaren proiektua. Inolako azterketarik egin gabe eta arrazoirik eman gabe erran digu murriztu eginen dela. Hamabi urte hauetako lana zakarrontzira bota eta abiapuntura bidaltzen gaitu».
Adierazi dutenez, «horren kontra gaude erabat, ez dagoelako arrazoirik, ez akademikorik ezta teknikorik ere, hori sustengatzen duenik. Alderantziz, azken hamar urteetan eskaintza akademikoa zabaldu egin da, lau ziklo berri jarri baitira. Aldi berean, LHko matrikula bikoiztu egin zaigu». Hori dela eta, «egunero pairatzen dugun egoera larrituz joan da. Lehen toki gutti bagenuen, orain gainezka gaude».
Horrez gain, «ikastetxe berria eginen zelakoan, baliabideak ez dira eguneratu eta murritz eta zaharkiturik gelditzen ari dira. Bertzeak bertze, eskolako erabiltzaileen segurtasuna kolokan jartzen da. Hezkuntza Departamentutik behin eta berriz erran digute ikastetxe berria behar diren baliabide guztiekin hornituta egonen dela eta itxaroteko. Bitartean, gure ikasleek ez dute beharko luketen kalitatezko heziketa eskuratzen».
Azkenik, «egungo egoera ekonomikoa ona den honetan (Europako laguntzak barne) ez bada proiektua egikaritzen, garai txarrak etortzen direnean ikastetxea eraikitzea bera ere kolokan jar daiteke. Ikastetxe berria orain!».