Baigorriko eta Baztango gazteen arteko III. topaketa eginen dute larunbatean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 17a, 17:00

Bi udalerrietako 12-15 urte bitarteko gazteak elkartuko dira topaketan, egun osoko egitarauaren bueltan

Urriaren 19an Baigorriko eta Baztango gazteak berriz ere elkartuko dira, hontakoan Elizondon, «bi haranak lotzen dituzten lotura historiko eta kulturalak sendotzeko asmoz». Hirugarren urtez antolatu dute Baigorriko eta Baztango Udalek Nor bizi da Izpegiren bertze aldean? topaketa, 12 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendua.

Egun osoko egitaraua

Jardunaldia goiz eta arratsalde osoan eginen da. Baztan Abentura Parkean hasiko dute eguna, Beartzungo auzoan, eta aire zabaleko hainbat jardueraz gozatzeko aukera izanen dute. Ondotik bazkaria eginen dute, parte hartzaile bakoitzak etxetik eraman beharko duena. Arratsaldean jarduera herrigunera eramanen dute, eta gazteek Elizondoko ondare kultural eta artistikoa ezagutzeko aukera izanen dute, horretarako diseinatutako josteten bidez. Jarduera guziak euskaraz izanen dira.

Topaketa «aukera paregabea da Baigorriko eta Baztango gazteek elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta adiskidetasun lotura berriak eraikitzeko». Azaldu dutenez, «bi udalerrien arteko lankidetza sustatzen dituzten proiektuen alde» egindako apustuaren barruan kokatzen da jarduera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun