Baztango hezeguneen behaketan aritzeko lantegia egin dute Lekarozen

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 15a, 13:30

Aurten mendietako putzuak aztertzeko baztandar batzuek egindako lanari segida emanez, atzo hezegune horien behaketa eta laginketa egiteko lantegia egin zuten Lekarozko aterpetxean.

Aranzadi zientzia elkartearekin eta Baztango Talde Ekosozialarekin elkarlanean antolatutako saioan, Jon Garin eta Iñaki Mezquita Aranzadiko adituak hezeguneetako flora eta faunaz aritu ziren, bereziki anfibio eta odonatuez. Espezie indikatzaile horien jarraipena egiteko alderdi teorikoak aztertuta, CIL eraikinaren gibeleko putzurat abiatu ziren saio praktikoa egin ahal izateko.

Formazioaren helburuetako bat heldu den urtean laginketak egiteko prestaketa ematea eta boluntarioak bilatzea zen, eta helburua aski ongi bete zen, behaketarako taldea handitu baita.

Baztango putzuen azterketa Aranzadi zientzia elkartea klima aldaketari buruz egiten ari den ikerketa zabalago baten barnean dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun